Isabel Ayusok trenak debekatu nahi ditu
Bueno, akaso esaldia apurtxo bat puztua dago. Tira, agian oso puztua. Baina zuon arreta lortu dut.
Madrili buruz aritzeak ilusio berezirik egiten ez badit ere, Europan bizi dugun fenomeno negargarri baten erakusle argia da. Gertu, gertuegi. Madrilgo erkidegoaren inguruan hainbat ustelkeria kasu daude, Florentino Fernandez eta Gerard Pique oligarkak tarteko. Baina azken hilabeteetan euren elkarrizketen gordina entzunda ere, jakin bagenekien munduak horrela ziharduela.
Madril berezi egiten duena, bere lehendakariaren funtzio nagusia da: ezkutuan geratu nahi duten horien estalkia izatea. Beno, ezkutatzeko lana ere ez dute hartzen, harro aitortzen dute zertan ari diren. Kontua da dena beste zarata handiagoekin nahastea, jendea aspertu arte aztoratzeko.
Horren erakusgarri izan da aurrekoan Ayusok bota zuen txioa. Espainiako Osasun Ministerioak tabernei gomendatu die ardoa eta garagardoa eguneko menuetatik kentzeko. Ayusoren erantzuna, ardo kopatxoa – auskalo zenbagarrena – hartu bitartean: «Lo que los señores del gobierno quieren prohibir» (Gobernuko jaunek debekatu nahi dutena) txiokatzea.
Ezin ahaztu bere laguntzaile nagusi Rodriguez alkohol tasa laukoiztuta gidatzeagatik atxilotu zutela. Azken finean, atzean Aznarren bideo hartako filosofia dago: «¿Quién le ha dicho que quiera que conduzcan por mí, que me digan la velocidad a la que tengo que ir, el vino que yo me puedo tomar o no?» (Nork esan dizu nik nahi dudala beste inork nire partez gidatzea, beste inork esatea zer abiaduratan ibili behar dudan, zenbat ardo edan dezakedan?).
Idazten duen honek gomendio on horiei kasu eskasa egin die. Baina ez naiz mintzen erakundeek begi bistakoa gogoratzean. Egun guztia «minbera eta irainberei» gaizki esaka ari diren hainbatek, ordea, sekulako amorrua hartzen dute norbaitek «aizu, akaso haragi gehiegi jaten duzu edo gehiegi edaten duzu» esanda. Eta batzuek hori baliatu arreta horra eramateko.
Txio hori bota zuen egun berean, Madrilgo metro sistemak trenak %10 murriztu zituen, energiaren kostua dela eta. 2021ean zergak jaitsi egin zituzten. Horri esker 18.000 euroko soldata artekoek urtean 6-60 euro aurreztuko dute, 180.000 eurokoek ia 900 euro. Publizitatean eta zezenketan diru gehiago gastatu eta trenak murriztu.
Bada, garbi esan dezagun: Ayusok akaso ez ditu trenak debekatu nahi; baina badu asmo herritar gehienak tren eskasetan mediku apurren kontsultara joatea. Gizarte kohesionatua osatzen duen ezer ezabatu nahi baitu. Baina, lasai, terraza batean garagardo batzuk hartuko dituzu zergetan aurrezturikoarekin, gainera zure bikotekide-ohiarekin topo egin gabe.
Diskurtso horrek irabazten du egun Madrilen. Tamalez, toki askotan gero eta zabalagoa da. Ez da askatasunaren bandera eskuin jakin batek bere egin duena. Gizartea ukatu eta nork bere zilborrari begiratzearena baizik. Eta hori as