
Lau urte Sevillako ziega honetan. Isolaturik. Bakarturik. Egunak daramatzat nire kideen berririk gabe. Bi egunetan behin ateratzen ninduten patiora, astebeteko itxialdiarekin zigortu nauten arte. Isolaturik. Bakarturik. Herdoilaren hotsak ikaraz hartzen nau, oraindik ere. Bakardadearen babesari eusten diot. Hautsi lezakeen funtzionarioaren haserreak beldurtzen nau. Kolpe eta irainekin bizitzen ikasi dut, akaso. Baina haizea behar dut. Zerua. Hodeien arteko zirrikituetatik ihes egin lezakeen izpi beroa sentitzeko premiaz naiz.
Hotza hezurretaraino dut sartua. Jada, ez naiz azalean igurtzirik sentitzeko gai. Hutsa dut sabela. 23 egunez jakirik irensten ez duen urdailaren goseak uzkurturik dit gorputza. Kalefakzioaren tuberia ikutzen dut behin eta berriz, piztuko zutelakoan. Beti heze, beti hotz. Manten eta izaren azpian ematen dut ia egun osoa. Ahotik lurruna. Baretu ezina. Gorputza hozten didan arnas hats bakoitzarekin temati nabil. Nire birikek berotu duten haizea berriz arnastu nahian maindireen azpian ezkutatzen naiz. Duela bi aste izan nintzen hiru ordu eta erdiz edo, patioan. Goitik behera ikutu ninduten. Barrabilak eta zakilak igurtzi. Estutu. Funtzionarioak haserre daude, borrokaldian gaudelako. Irtenaldirik gabe zigortu naute, ez dakit noiz arte. Eskuburdinez lotuta dut eskumuturra. Ohera lotuta. Ziega itxi batean. Hezurdurak ia eusten ez nauen honetan. Urik ere ezin edan. Oka eginez erantzuten dit urdailak. Jakiren baten aldarrian. Barne minez erraiak. Espetxean izan litekeen bizi duinenaren desioan. Sendagilerik ere ez da etortzen. Ez dakit luze iraun dezakedan.
Gosea ere zer den jada ez dakit. Mugitu ezinik naute, txaboloko ohean kateaturik. Ama eta aita kezkatuta egongo dira. Aste pare bat iragan dira nire azken berria jaso zutenetik. Gurasoen begiak bete zirela ahazten saiatzen naiz. Esan nien gose greba egitea nuela irtenbide bakarra. Mehatxupean eta tentsio honekin ezin bizi zitekeela. Ez nintzen funtzionarioen beldur naizela esatera ausartu. Lasaitasuna adierazi nahi nien. Sendotasunez mozorroturiko ikarez dardarka nintzela ere. Azken bisita hartan senideak ikustea debekatu zidaten. Gurasoek aurrez aurreko bisitan ez baitzuten biluztu nahi izan. Hala eskatu nien nik. Ditugun eskubide apurrak urra ez zitzaten, kontra agertu behar ginela adierazi nien irmoki.
Orain, haien beroa behar dut. Haien goxoa, babesa. Umetan, negarrak baretu nahian esandakoak entzun nahi nituzke; “lasai, ez da ezer, guztia pasatuko da…” Baina, nire gorputzarekin dut borroka handiena. Ohean hotzez akabatzen trinkotu nautenetik. Nire atal guztiak ase ezin ditudan beharren aldarrian. Bizi nahi dut. Duintasunez bizi. Beroa behar dut. Hezurdurak nekez eusten nauelako. Borrokak dirau, eskubide primitiboena ere urratua zaidalako. Ikarak, indarrak, beldurrak, gosea, guztiak nahasten dira, minutu bakoitzaren zamaz. 23 egun gose greban. Preso askea izan nahian.