Izarren salda urdina edanda... Gartxot
Urteak bere berri izan gabe, berarekin gogoratu gabe, Berria–ren abuztuaren 26ko aleak ekarri zidan berriz akordura: Gartxot adiorik ez, zioen Aritz Iriken biñetak. «Ez da izango, Gartxot asko daude…»; baina ez, irudiak ez zuen dudarako biderik uzten…: pareta zahar baten kontrara bizardun txapeldun Iparragirre itxurako bat, gitarra eskuan, begiak itxita kantatzen… Gartxot bardo arlote itxurako berbera zen… Eta pena, pena handia; eta poza, poza ere bai, haren heriotzaren berri iritzi orriaren biñeta zabalean ikusita. Gerora, poza berriz, IRUTXULOKO HITZAren astekarian irakurri nuenean. Izan ere, oso litekeena zen, oso normala zatekeen, batere normala –alegia, arauen araberakoa—, ez zen kantariaren heriotza hedabideen oharkabean pasatzea.
Ordea, kale kantoiko arlote itxurako sos-batzuen-biltzaile agertzen zen bardoa kantari ona zen, ona; areago, kantari ederra zen, eta niretzat harekin topatzea, hura Parte Zaharreko izkina batean kantari topatzea, festa bat. Urrutitik entzungo nuen haren ahots lakar sarkorra, bere kantaera berezia, eta hara joango nintzen, Hamelingo txirulariaren atzetik arratoiak eta umeak bezala; bera han egongo zen, Mundua dantzan jarriko nuke jainkoa banintza… eta ni bere parean jarri eta irribarrea egingo genion elkarri, maltzurkeriazkoa berak, bai baitzekien Euskal Herriko tristura… hasterako lagun lotsagabea izango zuela berarekin kantan kalearen erdian, entzule ale sueltoaren edo parean pasatzen zen pasiantearen harridurarako…; eta maltzurkeriazko irribarrea, bai baitzekien halako batean halako ukitu berezi bat eman abestiari —jira bat, estrofa luzatze nahiz moteltze bat…—, eta lagun ausartegia agerian utziko zuela; eta irribarrea berriz biok, maltzurra berea, esan dut.
«Kale kantoiko arlote itxurako sos-batzuen-biltzaile agertzen zen bardoa kantari ona zen, ona»
Gero, nik azkar abiatu behar banuen, sos batzuk eman, nik lotsarik gabe eman eta berak lotsarik gabe hartu, horien biltzeko ere kantatzen baitzuen, edo zerbeza bat eraman, eta irribarrea kolkoan alde egingo nuen; eta presarik ez banuen, eta berak emanaldia nahiko aurreratua bazuen, trago-pintxo-bokata baten proposamena egin eta tabernara abiatuko ginen. Eta trago-lagun horrekiko elkarrizketa ere atsegina nuen, ahots handi harekin arauaz bestelako bizi saiakera desberdin, malkartsu, bere ahotsa bezalako lakar baten oihartzuna iritsiko zitzaidalako, arrastoan sartutako gehienon ifrentzuan zegoen batena.
Zure azken bidaia horretarako, Gartxot, tori, har ezazu freskura, ura eskutik eskura…; ura behinik-behin, zauden tokira ezin eta birrarik eraman…

