Jaiak eta gazteak
Agian batzuk jakingo duzuen moduan, asteburu honetan Aieteko jaiak ospatu ditugu auzoan. Azken bi urteotan pilatutako nagiak gaindituta, gustura aritu gara, elkarri erdi brometan esaten diogun moduan, auzoa zoriontsu egiten.
Eta, bai, ederki pasatu dugu baina larunbatean, goizeko hamarretan, zeru gaineko eguzkiarekin eta buru barruko ajearekin, bezperako zikinak jasotzen ari nintzela, niri ere pena ematen zidan neure buruak. Matematikako irakaslea izan arren, ez dakit asmatuko nukeen hango zigarrokin eta pipa azal guztiak zenbatzen.
Eta, bai, ostiral gauean gazte asko egon zen antolatu genituen kontzertuetan, baina ez ziren helduak baino gehiago…
Eta gainera ez, ez nizuen horri buruz hitz egin nahi.
Kontua da aurten pare bat gazte gehitu zaizkigula antolaketa taldera, eta musika taldeak eta DJ-ak lortzen laguntzeaz gain, zenbait lagun konbentzitu eta dozenaka haur jolasten eta altxorra bilatzen jarri dituztela. Egokitzen zitzaizkien txandez gain, behar izan den aldiro barraren beste aldera sartu direla, eta, bai, ostiral gauean euren artean geunden heldu askok baino fundamentu gehiago erakutsi dutela.
Eta, horregatik, gaur egungo gazteak, besteak beste, egoistak, konformistak eta indibidualistak direla sinestarazi nahi diguten horiei, berriz ere, esan nahi diet ezetz; gazteen artean ere, toki guztietan bezala, denetik dagoela eta nahikoa meritu badutela, guk sortutako mundu zikin honetan gozatzen.