'Jainkoak'
Xabier Vazquez, realzalea.
Lehenik eta behin barkamena eskatu beharrean nago Espaynolen aurkako partida dela eta. Badakit Xabier Etxaniz bi alditan jarraian irakurri behar izatea penitentzia gogorra dela, baina merezitako oporrak nituen. Ingalaterran izan nintzen, futbol partidak ikusi eta ikusi. Egia esatera, jokoari begira ez zen beste munduko ezer izan. Baina giroa arras ezberdina da. Craven Cottageko harmaila antzinekoa (harmaila baino egurmaila bat da), bazkidearen izena itsatsita duten Loftus Roadeko eserlekuak, batera abesten duten Upton Parkeko zaletuak,….Garatzen dituzten liturgiak ikusita, esan liteke futbol erlijio dutela. Euren taldea jainko bat bailitzan goratzen dute.
Hala ikusita, gure Reala jainkotxo bitxia da. Jainkotxoa edo deabrua, batek daki. Baina azken urteetan botere nahiko urrikoa, gure tenplutik urruti erabat ahalke ibiltzen zena. Horregatik, ez nuen duda izpirik izan Realaren jainkoak bere zortea aldatu eta aspaldiko partez irabazteko Malagara joan nendin eskatu zidanean. Ezin entzungor egin horrelako deialdiari. «Xabi, etorri Malagara eta zure indarrarekin irabaz dezagun lortuko dut». Esan eta egin. Ez pentsa ilusio handia egiten zidanik hegoaldeko lur epeletara joateak. Ez pentsa Realeko jokalariekin batera joan arren klubak hegazkina ala hotela ordaindu zidanik. Baina hantxe azaldu nintzen, La Rosaledan kanpoko zaleen harmailan. Beno, ni bakarrik ez. Egia esatera bi zale ginen. Beste guztiak beste harmaila batean jarri ziren. Beraz, kanpokoen ohiko tokian bi zale besterik ez ginen. Apenas eman zigun ohartzeko aukera, izan ere partida hasi eta berehala irabazten hasi ginen. Eta horrela hasi zen Ligan azken 12 puntuetatik 10 lortzera eraman gaituen sasoialdia. Ez, ez eskerrik eman. Nahiko eskuzabala eta apala naiz berez. Are gehiago, Realeko jainkoak esan zidan partida borobil horietako bat gordeta zuela niretzat, baina Espaynolen partidan Ingalaterrara egongo nintzenez ea noiz nahi nuen. «Lasai motel, utzi partida borobil hori egun horretarako, azken finean, ni ez egon arren ere Etxaniz moduko fedegabe eta pekatariek behar dituzten horrelakoak».
Ez dakit noiz arte iraungo duen Realaren jainkoaren umore on honek, ziurrenik jendea gehiegi berotzen hasten den arte. Sekulako taldea dugula eta Europaz beheragoko helbururik ezin dugula izan esaten hasten garenean taldeak behera egingo du. Gure jainkotxoak, antza, apaltasunetik hartzen du indarra. Eta geurean hori aspalditxo galdu genuen. Otoitz egingo diot gauzek berdin jarrai dezaten. Egia esan damu naiz behin errealzalea bai baina erregezalea ez nintzela (are gutxiago espainarra bada) esan niolako. Zerikusia izan lezake Kopan hain negargarri aritu izanarekin. Hala ere, kasik hobe, Kordoba kanporatu izanez gero Bartzelona baikenuen arerio. Eta horren aurka bi partidara…..otoitza baino are gehiago behar da. Konformatuko naiz San Sebastian bezperan gure etxean 3 puntuak irabazten badizkiegu. Jainkoak, santuak eta deabruak ere lagun izan beharko ditugu.

