Jendea
Hasi da uda eta hasi dira sanferminak.
Mundu mailako ekitaldi bihurtu diren herriko festaren kolore zuri gorriak ertz guztietatik hasi dira sartzen gure etxeetara. Badirudi, bederatzi egunez horrelako poz parrandero bat sentitzera derrigortuta gaudela. Txupinazoa, entzierroak, buruhandiak, pilota, musika eta, batez ere, jendea.
Hasi da uda eta hasi da Tourra.
Eta urtero bezala, Frantzia eta inguruko errepide lau eta malkartsuetan, ume aurpegia duten ziklistek, milioika pedalkada emango dituzte bide bazterrean animatzen edo etxeko sofan siesta egin nahian dauden guztien gozagarri. Bizikletak, ur potoak, beroa, jendarmeak eta, batez ere, jendea.
«Uff! Konturatzen naiz gero eta gehiago inporta zaizkidala pertsonak eta gutxiago jendea»
Hasi da uda eta hasi da hondartza denboraldia.
Eta ematen du, urte osoan arroparen azpian ezkutatuta izan dugun azalak ezin duela minutu bat gehiago itxaron, eguzkiaren izpitan berotu gabe. Bainujantziak, eguzkitako kremak, karabela portugesak eta, batez ere, jendea.
Hasi da uda eta jarraitzen dute turistek.
Mugikorraren erruz, behera begira ematen dugun denbora konpentsatzeko edo, gora begira paseatzen dira, taberna bateko ilaratik beste bateko ilarara. Argazkiak, pintxoak, free tour-ak eta, batez ere, jendea.
Uff! Konturatzen naiz gero eta gehiago inporta zaizkidala pertsonak eta gutxiago jendea.
Ondo pasa.

