Jon Odriozola: 'Asmoak'
Jon Odriozola, Kazetaria
Desio onak ospatzeko sasoia iritsi da; halere, edozein momentu da aproposa horretarako. Kalean topatzen ditugun ezagun edo adiskideak agurtu, musuak eta bostekoak banatu, gutunez asmo onak helarazi. «Gutunak? Zer da hori?», galdetuko du inork. Barkatu, whatsapp mezuak bidali!
Hau da, etorkizunari begira, baikortasun desioak luzatzea.
Eibarren aurkako azken uneko garaipena oraindik gogoan, eta Akziodunen Batzarraren ostean, Realak ere aurrera begiratu nahi du. Erronkak ditu eskuartean; zelai berria, Europa… hau da, egindako bidea ahaztu gabe, haztea.
Eta lehen erronka, gaur gauean du Madril aldean. Getafe izango du arerio. Urte bukaera eta hasiera Espainiako hiriburuan igaroko ditu Realak –Real Madrid eta Rayoren aurka jokatuko baitu–. Patxi bizilagunak esan didan bezala: «Ea ez zaizkion mahatsak kontrako eztarritik joaten». Baina urte zaharreko kanpai hotsak iritsi aurretik, badu lanik lehenago.
Hiru urtetan zehar, Elxen lan handia egin zuen Fran Escribaren Getafe, etxetik urrun, kamuts badabil ere, habian pilatu ditu ia puntu guztiak: 14 ditu –Realak baino bat gutxiago, hain zuzen ere–.
Graneroren etxea –han egin zen ezagun Pirata– abordatzeko asmoa du Realak. Altxorra –garaipena, alegia–eskuratzekoa.
Iaz, Alfonso Perez Koliseoan lorturiko garaipena oraindik gogoan du zalego txuri-urdinak. Ondoren, azken jardunaldian, Vallecasen lorturikoa bezalaxe, Rayoren aurka. Bietan izango da aurki baino lehen Reala.
Halere, datorren asteko partidak ere ezin ahantzi. Espainiako Kopako itzuliko partida eta Vila-realen aurkako norgehiagoka.
Gaurko lehiak eta datozen astekoak uste baino garrantzitsuagoak dira zalegoan alaitasun apur bat sortzeko. Kopan aurrera egitea ederra litzateke, eta, hauteskunde egunean, Marcelinoren jokalariak mendean hartzea, zer esanik ez. San Tomas eguna ospatzeko beste aitzakia bat.
Gero Loteriaren Eguna iritsiko da; batzuen iritziz, Osasunaren Nazioarteko Eguna; ezer tokatzen ez denean «behintzat osasuna dugu eta!», esaten baitugu halakoetan.
Ea Madril aldean, Realak, zerbait urratzen duen. Ezta seinale batere txarra izango.