Jon Odriozola, Kazetaria
Amaiera geroz eta hurbilago dago. Jardunaldiak irensten ari gara, eta taldeen azken ebaluazio-nota jokoan dago. Momentuz, ikasturtea primeran doa Realarentzat. Iazko bolada onari eutsi dio. Jokalariek maila bikaina erakutsi dute, eta zaleak pozik daude.
Baina, guztiak kontentu al daude?
Duela astebete, gaur zortzi, Anoeta estadioko palkoan ekitaldi esanguratsua ospatu zen. Gipuzkoako hirurogeitik gora taldek hitzarmen berri bat sinatu zuten Realarekin: Aldundia eta Gipuzkoako Futbol Federakuntza ere bertan izan ziren. Gipuzkoako talde nagusia, sasoitsu dabilenean egoera samurragoa izaten da guztiontzat. Baina egungo egoera ez da erraza.
Garai batean, ohikoa izaten zen auzoko, herriko… taldea ikustera joatea. Eta ondoren Realaren nondik norakoen berri izatea. Bata animatu, eta baita bestea ere. Egun egoera dezente aldatu da. Asko. Klubak larri dabiltza. Estu. Egunetik egunera zale gutxiago hurbiltzen da beheko mailetako taldeen partidak ikustera. Lagun batek dion bezala, jokalarien gurasoak, bikoteak, aiton amonak, eta koadrilakoren bat edo beste joaten dira zelaietara. Hori bai guztia ematen dute euren seme-alabak animatu eta kirola egin dezaten.
Klubetako partaideak, asteko egun guztietan lana boluntario egiten dutenak –euren aisialdiko ordu asko eskainiz– kezkatuta daude. Aurrekontuak osatzeko, lehen bezain beste zale azaltzen ez direnez, adibidez, zelaietan izaten diren tabernatxoarekin ez dute sos askorik ateratzen; are gutxiago partidetako sarrerekin.
Diru-iturriak murrizten ari dira. Beraz, zozketekin, loteria salmentarekin… borobiltzen dituzte, hala nola, aurrekontuak. Konponbidea? Zaila.
Telebistak du zartagina kirtenetik helduta. Une oro, eta egun oro dugu pantaila aurrean punta-puntako futbola ikusteko aukera. Eta bide batez, herrietako, auzoetako… taldeak, talde handien ordutegi berean ez jokatzeko ahalegina egiten dute zelaietara jende apur bat hurbildu dadin. Beraz, gure harrobiaren habia jokoan dago. Gipuzkoako futbolaren etorkizuneko baratzak konpetentzia gogorra dauka. Kezka da nagusi. Noiz eta lehen taldea primeran dabilen unean. Gaitz erdi!
Baina realzalea ere ez dago erabat pozik. Datozen etxeko bi partida garrantzitsuen ordutegia, xelebrea izango da: astelehenean, gaueko 22:00etan (Rayo). Eta hurrengo igandean, Valentzia (21:00). Gauza bat argi dago. Nire lagunaren semeak, Anderrek, ezingo duela ez batera eta ez bestera joan. Hurrengo egunean eskolara joan behar baitu. Eta bere aitak, lantokira. Bi realzale gutxiago Anoetan. Taldeari etxeko-lanak gainditu ditzan laguntzeko prest, eta ezin. Notak, maiatzaren 18an.