
Buruari bueltaka nabil zer talderekin egingo dugun gaur topo Butarquen. Txuri-urdinek hiru garaipen daramatza jarraian -etxean-, eta beste hainbeste porrot Anoetatik kanpo. Gol faltarik ez du baina etxetik urrun atea hobeto zaintzea du xede: Sevilla, Bartzelona eta Athletic adina gol jaso ditu (12). Gaur, aurrean, lemazain gipuzkoarra –Asier Garitano- duen talde arrunt motibatua topatuko du Realak; lehen mailara igotzen direnak aurrera egiteko gosea soberan izaten baitute. Etxean puntu bakar bat lortu du Leganesek: berdinketa bat eta hiru porrot. Baina etxetik kanpo, bederatzi eskuratu ditu.
Entrenatzaile bergararrak iazko zilarrezko mailako entrenatzaile onenaren saria jaso berri du. Leganesekin lehen mailako entrenatzaile izan aurretik Valentzia aldeko zenbait taldetan urteak eman zituen Garitanok. Futbolaren alde gazi-gozoak soberan ezagutzen ditu. Orain gozatzen ari da lehen mailan baina badaki futbolean gozo-aldiek ez dutela askorik irauten emaitza okerrak pilatuz gero.
Realak gorantz egin nahi du, ez du behera begiratu nahi: zenbat aldiz esan ote du hori zaleak. Kanpoan, ordea, ez da asmatzen ari. Iruñeko, partidaz geroztik, nahi eta ezin dabil Donostiatik urrun. Hurrengo Anoetako bisitariak, koltxoneroak eta cule-ak izango dira hurrenez hurren, eta Leganesetik, eta ondoren Gijonetik, emaitza onak ekartzeak are indartu dezake Anoetako, momentuzko, itsura garaitu ezina. Porrota ez den beste edozer eskertuko da Maconeko semearen -Antoine Griezmann- taldea are gogo gehiagoz astebete barru etxean hartzeko. Koltxoneroek, adibidez, bigarren jardunaldian hutsean amaitu zuten Leganesen aurkako partida: Garitanorenak etxean lortu duten puntu bakarra.
Gaur, bestalde, hamaika urte betetzen dira Alberto Ormaetxea entrenatzailea zendu zela. Zazpi urtez izan zen talde txuri-urdinaren gidari. Realak, eskuratu dituen lorpenik handienak erdietsi zituen berarekin. Anoeta estadioaren aurrean dago bere omenezko monolitoa. Askorentzat ezezaguna, hainbatentzat ahaztezina. Ez zen eibartarra hitz askoko pertsona baina bere emaria utzi zuen. Ea, gaur, Realak, lan txukuna egiten duen Leganesen, hau da, bere kalitate zigilurik onena utzi, eta helburu gozoetan murgiltzeko bidea hartzen duen.