Jon Odriozola: 'Biharamuna'
Igandean, Xixonera. Hiri honetako futbol zelaia, eta arerioa entzun orduko, nola ez, Realak loturiko lehen liga txapelketa datorkigu burura bat baino gehiagori. Agoni batean eskuraturiko balentria. Partida haren amaieraren antzera, azken denboraldietan ezinean aritu da taldea. Gorantz joan nahi baina lokatz-artean ariko balitz bezala, ezin sailkapenean nahi beste aurrera egin. ‘Europa’ hitza azaltzen den aldiro, usteak ustel, eta beste denboraldi bat hurrengoan txartela lortuko dutela amesten.
Datozen bi jardunaldiek zeresan handi samarra izango dute etorkizunari begira. El Molinonen emaitza on bat erdiesteak, Bartzelonaren partida are erakargarriagoa egin dezake. Asturiarrak lehen hiru jardunaldietan ondo aritu arren, etxean, Athletic eta Leganes menderatuz, eta kanpoan, Gasteizen, berdinduz, bi puntu soilik patrikaratu dituzte harrezkero: bi berdinketa. Azken-hirugarrena da Sporting sailkapenean. Arrisku handiko partida. Sailkapenari begiratuz gero, irabazteko aukera handi samarrekoa baina, baita, hanka sartzeko leku desegokia ere. Oraindik, zale txuri-urdinen baitan zerbaitek sumintzen badu, iaz Realak El Molinonen hartutako begi-ondokoa da. Partida hartako ubeldua ez zen berehalakoan sendatu. Egun batzuk iraun zituen zimiko hark. Partida aproposa, beraz, jasotakoa bueltatzeko, eta sailkapenean taldea dagoen postuan sendotzeko.
Aulkietan bi lagun. Gijonekoak eta La Secakoak, Abelardok eta Eusebiok, badute elkarren berri. Biak Bartzelonan aritu ziren, eta bi denboralditan zehar jokatu zuten elkarrekin. Ondoren, eserlekuetan, batik bat gazteekin aritu ostean, orain Lehen Mailan bakoitza bere bidea egiten dabil.
Igandean, urteak beteko dira -33-, AEBetan, 100 milioi lagunek zuzenean ikusi zuten eta zeresan handia izan zuen Hurrengo eguna (The Day After) telefilma lehen aldiz eman zela. Gerra nuklear batek zer nolako eragina izango lukeen herrialde horretan aztertzen da bertan. Astelehen gozoa nahi du zale txuri-urdinak. Igandeko partidak ikusmina piztu du: taldearen azken ibilera onak eta boladari eusteko gogoak realzale bat baino gehiago biziki suspertu da. Taldea irabazten ikustearen aje gozoa. Lagun batek prest omen du Asturiastik ekarritako sagardoa igande gaueko otordurako. Elkarrekin topo egiten badugu, ea topa egiten dugun.