Jon Odriozola: 'Gorri-gori'
Jon Odriozola, Kazetaria
Igandea eta astelehena berdin-berdin amaitu ziren. Emaitza berbera, eta ia ohikoa den bezala, epailea guztien jomugan. Astegun buruzuria. Zorigaitzeko, astelehena. Almeriako partidaren ostean, kezka antzeman dut zaleen artean Realak jokatu dituen azken partiden harian. Teorian, ahulagoak diren hamaikakoek buruhauste dezente eragin dizkiote talde txuri-urdinari. Lagun batzuekin realzale whatsapp batean parte hartzen dut. Kideak sutan jarri ziren epaileak partida amaitutzat eman zuenean. Jokalari batzuen hutsunea, tentsio falta… aipatu ziren mezu saltsa zoroan. Berandu zen hausnarketa sakonetarako; jada, asteartea. Beraz, oheratzea erabaki nuen.
Denboraldiaren amaiera iristen den aldiro, lagunartean errepikatzen dudan esaldia botako dut. Nahiago dut denboraldi bukaerako partidak sailkapeneko goialdeko taldeen aurka jokatu, behekoen aurka baino. Goikoek badakigu nola jokatu dezaketen, gutxi gorabehera, noski. Behekoek, aldiz, ez! Bizia dute jokoan, eta bihotz eta arima guztia jartzen duten puntu bat edota hirurak erdiesteko.
Gogoratu nola ibili zen Reala, eta zaleok, amildegira erori aurretik. Orain dela ez urte asko… Lehen mailan jarraitzea da lehen xedea talde askorentzat. Uste baino gehiagorentzat. Gero, gerokoak.
Atzo ere partida, eta igandean beste dema bat. Ez dago ia gogoetarako betarik. Amona Irenek esaten duen bezala, noiz ez da partidarik jokatzen? Etzi, adibidez, Iruñean. Premia gorrian daude gorritxoak. Beraz, partida gogorra izango da. Eta zein ez. Sailkapenaren zuloaren hatsa gertu nabaritzen dute nafarrek.
Osaba Joxerekin akordio bat egin nuen duela urte batzuk. Biek ahal genuen bitartean, Sadarren Realak jokatzen zuen aldiro, partida ikustera joatea. Otordutxoa, eta zelaira. Aurten ez gara joango. Arrazoia; sarreren prezioa. Orain, izebarekin batera Benidormeko bidean izango da osaba. Gozatu!
Iruñetik bueltan Ligako azken zazpi partidak jokatuko ditu Realak. Lau, etxean: Real Madril, Espanyol, Granada eta Vila-real, eta, hiru, kanpoan: Celta, Betis eta Athletic. Norgehiagoka interesgarriak oso. Amaiera batik bat.
Denboraldi luzea, baina oroitzapen ederraz jantzia. Arantza bat edo beste bidean, baina denboraldi oso txukuna egiten ari da Reala. Ea azken txanpan gozatu handi bat hartzen dugun.