Jon Odriozola: 'Sukaldean'
Jon Odriozola, kazetaria
Behin, ama zenak, arreba eta biok sukaldean pertza artean topatu gintuen. Sukaldea hankaz gora ikusi zuenean aho bete hortz geratu zen. Hura kuxidadea! Gu, berriz, ondo ari ginelakoan geunden. Beraz, mantala jantzita berari begira geratu ginen. «Uste dut amari ez zaiola gure bizkotxoa gustatuko», pentsatu nuen nire baitan.
Osagaiak ondo aukeratu genituen. Aproposak ziren. Liburu baten laguntza ere bagenuen; han dena zen erraza eta dotorea. Baina kopuruak, noiz elkarrekin nahastu, eta antolatu genuen saltsak, egun batzuk lehenago bururatutako ideia eta amestutako irudia, pikutara bidali zituen.
Ama beranduago azaldu balitz buelta emango geniola egoerari? Agian. Batek daki. Halere, beste bizkotxo bat berriz ez egiten ahalegindu izana izan zen akatsik handiena. Hura, izan zen lehena eta azkena.
Antzeko pertzepzioak izan omen zituen asteartean Realarekin zale bat baino gehiagok. Zaila zen Calderonen irabaztea. Jokalari guztiak daude jokatzeko irrikaz eta entrenatzailearen aginduetara, baina emaniko itxurak kopetilun utzi zuen bat baino gehiago. «Begiekin jaten duzu!», esan izan zidan hamaika aldiz amak. Eta hala zen askotan.
Gerora ikasi nuen elikagaiei benetako balioa ematen. Gozatzen. Realak ere, jokalari onak ditu, eta otordu mikatzak zein gaziak eskaini badizkigu ere, oraindik gozatzeko uneak izango ditugulakoan nago. Bistan da, asteartekoa ahazteko igandean Levanteri irabaziz geroz, tripako min guztiak uxatuko direla.
Beti pentsatu izan dut, jatordu kaskar batek, bukaeran postre on bat badu, aurreko ia guztia ahazten laguntzen duela. Beraz, igandean irabazi, eta bakea!
Zenbat egoera antzeko ikusiak ote dituzte, gaur, Anoetan, Realak omenduko dituen 66 realzaleak. Berrogeita hamar urte egin dituzte jarraian bazkide gisa. Erraz esaten da. Pentsa denbora honetan zehar zenbat une eder, eta gazi-gozo bizi izan dituzten: lehen eta bigarren mailako denboraldiak, irabazitako ligak eta kopa, Europan barrena eginiko bisitaldiak… Une guztiak dastatu dituzte. Hauek, beti, realzale. Baita beste asko ere.
Bizkotxoa gustatu ez zitzaion emakume hark ere ez zekien batere futbolaz, baina realzalea zen goitik behera, eta sukalde hartan zuen irrati zahar harekin entzuten zuen Realaren partida igandero. Realak lehen liga irabazi zuela zioen bandeja ere, ez zen urruti. Sukalde askok ondo ezagutzen dituzte Realaren otorduak. Igandekoak, on egin diezazula!