Jon Odriozola: 'Zoria'
Jon Odriozola, Kazetaria.
Joan den igandeko ekaitzak eman du zeresanik. Euripean, Realak ez zuen asmatu txuri-gorrien planteamenduaren aurrean. Partida amaieran, burumakur, etxera. Aterpera. Ez zen zoriontasun apurrik antzematen zaleen artean. Anoetan izaten den lagun argazkilari batek, igandean, tximu eginda amaitu zuela esan dit: «Eta gainera, porrota», gaineratu zuen. «Asteburuko gauzarik onena? Ostiraleko Bertso Derbia!», galdetu eta bere buruari erantzun zion, bestalde, realzale batek. Saiotik zoriontsu atera zen seinale. Gaitz erdi.
Emaitza ezkorra eta hurbileko arerioen garaipenaren ondoren, sailkapenean postu bat galdu du taldeak. Horrez gain, Roberto Olabek, Realeko futbol zuzendariak, kargu utzi duela izan da asteko albistea. Halere, asteko bidean zehar, ia egunero izan dugu etxe txuri-urdinaren bueltan albiste ezohikoren bat. Tabernetan ez da hitz-aspertu faltarik izan. Olabe, gasteiztarrak denbora gutxi eman du karguan; bere hiriko futbol taldeak ere ez darama denbora askoz gehiago Lehen Mailan. Hauek etxeko lanak ondo egiten ari dira, eta ez dute hutsik egin: sailkapenean erdialdean, Kopako finalean…
Alaves esan orduko, Realarentzat zoritxarrekoa den partida bat etortzen zait gogora. Txuri-urdinak, Bigarren Mailan zeuden, eta agur esan nahi zioten buruko minari. Orduan, Lillo zen donostiarren lemazaina. Ligako azken aurreko partida zen. Eta garaipena eskuetako hatzekin ukitzen ari zirenean, premia gorrian zegoen Alavesek bi gol sartu zituen luzapenean. Akabo ametsa! Agur igoerari. Goierriko lagun batek aitortu zidan bezala, Gasteiztik etxera egin duen bidaiarik luzeena izan ei zen orduko hura. Zoriontasunak iskin egin zion taldeari. Ia bederatzi urte joan dira orduz geroztik, eta Realak, bederatzigarren garaipena lortu nahi du Anoetatik urrun. Ligak etena izango du jardunaldi honen ostean, eta jarraian izango duen bigarren euskal derbian –oraingoan txuri-urdina– ez du hutsik egin nahi Atleticok eta Vila-realek ospa egin ez dezaten. Hauek ere ez dituzte arerio samurrak asteburuan…
Jakin-mina nagusi da realzaleen artean, taldeak ea zer itxura emango duen ikusteko. Datorren astelehenean, nazioarteko Zoriontasunaren Eguna ospatuko omen da; astelehenari aurre egiteko data aproposa. Realzale askori, bezperan, igandean, ospatzea gustatuko litzaieke.