Kalabaza tripontzitik Gau Beltzera
Aurtengo Zinemaldi Alternatiboan, 1985ean plazaratu zen Kalabaza tripontzia pantaila ertainean ikusteko aukera izan genuen, Teila Fabrikan. Euskarazko animaziozko lehen film luzea izan zen eta antropologo eta folkloristek bildutako ipuin eta kondairak euskarri eta forma garaikideetara ekarri zituzten, landa eremua bazter utzi gabe, hirian ere kokatuaz. Nerabezaroan ikusi nuenetik, ez nuen berrikusia, eta plazer handia izan zen umearekin batera berdeskubritzea. Kortxoenean hasi, eta egun hiriko txoko desberdinetara iritsi den zinemaldiaren 13+5. edizioa izan da aurtengoa. Denbora badoa aurrera.
Pandemia gisa ezagutzen dugu 2020an bizitzea tokatu zitzaiguna, COVID-19a berriro ere gure artean dago uda amaieratik, edo, akaso, inoiz ez delako joan. Ordutik, aldaketa txikiak eta erraldoiak bizitzea tokatu izan zaigu. Tartean, mendea hasi zenetik gorakada ikaragarrian hedatu zen Halloweenen parean Gau Beltza ospatzeko joera. Bietan, kalabaza protagonista. Amerikar kontinentetik zabaldu zen laranja biziko jaki osasuntsua. Kalabaza Europara iritsi aurretik, arbiak eta bestelakoen zainak hustu eta jarriko ziren bide bazterretan, herritarrak beldurtzeko.
«Zortzi urte eskasetan, tradizio bilakatu zaigu. Berreskuratu eta hedatu da, hainbat kasutan. Berrasmatu eta zerotik sortu beste batzuetan»
2018an eman zuten argitara Josu Ozaita eta Jaime Altuna antropologoek UEUren eskutik Juan San Martin bekari esker egindako ikerketa lana. Proiektu hark, argitalpen akademiko batek izan ohi duena baino arrasto sakonagoa utzi du Euskal Herrian. Ordutik, Euskal Herriko herri eta hirietara zabaldu da XX. mendearen lehen erdira arte —hots, Amerikako Estatu Batuetatik beldurrezko zinema genero gisa iritsi aurretik—, nagusiki, landa eremuan ezagutzen zen ospakizuna.
Zortzi urte eskasetan, tradizio bilakatu zaigu. Berreskuratu eta hedatu da, hainbat kasutan. Berrasmatu eta zerotik sortu beste batzuetan, baina gogotik errotu dela esan dezakegu, arau eta molde ia finkoak sortuz. Kutsu sinkretiko nabarmena agerikoa du ere, hala nola Mexikon ohikoak diren hildakoen omenezko aldareak hiriko ikastetxe desberdinetako egitarauetan txertatu dira. Auzoz auzo zabaldu da ospakizuna, azken urte hauetan, haurrak protagonista nagusi direla eta txantxa artean heriotzaren moduko gai serioez jarduteko modua sortzen dugu. Beldurrak azaleratu, eta mendean hartzeko garai gisa bizi dute gure txiki eta handiek.

