Kanpotik begiratzeagatik ikasi dudana
Orain irakaslea naiz, eta horrek gaur egungo nerabeengana gerturatzeko aukera eman dit. Gazteez asko hitz egiten da. Denek dute iritziren bat haiei buruz. Sarri entzuten dugu belaunaldi apolitikoa dela, mugikorrari itsatsita bizi dela edo sare sozialek erabat irentsi dutela. Are gehiago: azken urteotan behin eta berriz errepikatu da gazteen artean eskuin muturraren ideiek gero eta presentzia handiagoa dutela, modan jarri dela zinismoa, axolagabekeria edo «pertsona txarra» izatea.
«Harritu nau zenbateraino dagoen desorekatuta helduok gazteez dugun irudia. Ez da egia etengabe mugikorrari begira bizi direnik»
Nik ere banituen aurreiritzi horietako batzuk. Urrunetik begiratuta erraza delako etiketa azkarrak jartzea. Baina ikasgelan aurkitu dudan errealitatea konplexuagoa da. Eta, batez ere, gizatiarragoa.
Noski, ez dut esango gazte guztiak berdinak direnik, ezta belaunaldi idealizatu baten aurrean gaudenik ere. Baina ikusi dudana ez dator guztiz bat entzuten den diskurtso katastrofista horrekin. Uste baino nerabe gehiagoren kezka da faxismoaren gorakada. Badakite zein den munduaren egoera eta badakite eskubideak ez direla betirako, kendu egin daitezkeela.
Harritu nau, gainera, zenbateraino dagoen desorekatuta helduok gazteez dugun irudia. Ez da egia etengabe mugikorrari begira bizi direnik. Ez dute sare sozialei buruz hainbeste hitz egiten. Eta elkarrizketa lasai baterako aukera emanez gero, agertzen dira kezkak, kontraesanak, ideiak eta posizionamendu politikoak. Agertzen da etorkizunarekiko beldurra, gerren inguruko kezka edo injustiziaren aurreko amorrua.
Argi dago beharrezkoa dela gauzak kanpotik begiratzea, aurrez eraikita genituen ideiak zalantzan jartzeko. Distantzia txiki horrek erakutsi dit errealitatea askotan ez dela entzuten duguna bezain sinplea. Eta, agian horregatik, konturatu naiz helduok nerabeei buruz hitz egiten dugula maiz, baina ez ditugula horrenbeste entzuten.


