Kapitalaren ezkerra agerian
Duela aste pare bat artikulu bat argitaratu nuen astekari honetan, Donostian Aste Nagusian egondako istiluen irakurketa politiko bat egiteko. Besteak beste, EH Bilduk gertaera horien ondoren hartutako posizioa alderdi horren izaera eta estrategiaren adierazgarria zela azaldu nuen. Duela egun gutxi Markel Ormazabal EH Bilduko Donostiako zinegotziak artikulu bat argitaratu zuen astekarian, eta bertan nire analisia “burugabekeria”, “populista” eta “oportunista” zela idatzi zuen. Gogorra da gero halakorik entzutea PSOErekin bat egin duen alderdi bateko zinegotzi baten ahotik, baina azter dezagun lehenik berak defendatu duena eta ikusiko dugu nor den zer.
Irakurri ez duenarentzat, aurreko artikuluan nagusiki pandemia garaian lehendik bizi ditugun hainbat prozesu azkartu direla azaldu nuen. Gazte Koordinadora Sozialistak askotan salatu duen moduan, bi dira paraleloki sakondu diren joerak: bata langile klasearen pobretzea (proletarizazioa), eta bestea horrek sortzen duen ezegonkortasuna (delinkuentzia, istiluak, okupazioa eta zenbait jarduera politiko, esaterako) kontrolatzeko askatasunen murrizketa eta autoritarismoaren gorakada.
Hala ere, bigarren joera horri dagozkion neurriak ez dira beren kabuz agertzen. Polizia kopurua eta presentzia handitzea, zirkulaziorako eta bestelako askatasunak murriztea, zigorrak ezartzeko arbitrariotasuna areagotzea… parlamentu eta udaletan alderdiak ados jartzen dira horiek guztiak indarrean jartzeko. Adostasun horren parte izan da, hain zuzen ere, EH Bildu: legeak eta aurrekontuak babestu dituzte, kontrol gehiago eskatu dute (Mertxe Aizpuruak), kriminalizazioa justifikatu dute (Iñaki Egañak)… Donostiako gertakarien aurrean ateratako udal adierazpen proposamena adibide bat gehiago besterik ez da izan, istiluen jatorria salatu ordez beren lehentasuna “bandaloak” kondenatzea izan delako. Markelek El Diario Vasco-ren portadan agertzeari dion beldurrak beren lehentasuna erakusten du: inork ez dezala pentsatu alderdi demokraten adostasunetik kanpo daudela.
Eta hala ere, arazo larri bat dauka Markelen alderdiak, beste alderdiekin batera integratua dagoen arren haiengandik ezberdindu behar delako bozkak irabazteko. Atxiloketekin haserre dagoen gazte hori bera EH Bildu bozkatzeko konbentzitu behar dute. Horrek, nahitaez, itxuran ezberdintzera daramatza. Errepresioa zilegitzen dute istiluetan bandaloak aritu direla esanez, baina beraien burua zuritzen dute polizia bidaltzeko agindua eman dutenak haiek izan ez direla esanez. Polizia finantzatu eta zilegitzen dute, baina ez dute esplizituki esaten polizia babesten dutela. Haien irakurketak saltoki handien interesak elikatzen ditu, baina tartean saltoki txikiak ere bazirela diote, nahiz eta “langile xumearen” dendari horrek ez dion ezertarako balio… Beraz, nor da populista eta oportunista benetan?
Horregatik esaten dute Poliziaren “gehiegikeria” izan dela. Ez dago arazorik Poliziarekin berarekin, ez da klase sozial batek bestea zapaltzeko erabiltzen duen tresna. Haientzat arazoa Poliziaren kudeaketan dago, haiek kudeatuko balute arazoa konponduko litzatekeela adierazi nahi dutelako. Haiei bozkatuz gero, beraz, Polizia gertukoa izango dela diote, herritarra, eta ez duela gehiegikeriarik egingo. Arrotxapean gertatutakoarekin ere berdin egin dute. Baina kapitalismoak miseria eragiten du, eta miseriak istiluak. Hori gertatzean, gero eta “bandalo antisozial” gehiago egongo dira, eta polizia “herritar eta demokratikoa” jipoiak ematera aterako da berriro. “Balio antisozialak” dituzten horien eta “bandalo” gisa izendatutako horien aurkako errepresioa babestu eta zuritu besterik ez du egin EH Bilduk, hori baita, besteak beste, kapitalaren ezkerraren funtzioa.
Hori da Markel eta bere alderdia horren deseroso sentiarazten dituen errealitatea, ez datorrelako bere marketinarekin bat, haiek behar dutena mundu guztia aterki berberaren azpian biltzea baita. Baina langileek eta kapitalistek interes kontrajarriak dituzte, antagonikoak, eta bien alde egitea ezinezkoa da. Azken finean, beraz, bi alderdi daude: langile klasearena, batetik, eta burgesiarena, bestetik. EH Bilduk bigarrenaren alde egiten duenean Markelek “kontraesanetik salbu” ez daudenaren ipuina aterako digu berriro ere. Kontraesana agerian geratzen da, hala ere; bere buruari “antiautoritarioak”, “antifaxista” eta bestelako izen politak jartzen badizkio ere ezin baitu errealitate horretatik ihes egin.