Kolera morboa
Xabier Arzelus, idazlea.
Haitin sufritzen ari diren «Colera morbo»aren gaia oso gogorra izan arren, ez du dagoeneko morborik pizten. Lurrikara izugarriaren ondoren bertaratu ziren telebista eta kazetari gehienak itzuliak dira dagoeneko bakoitza bere mundura, eta oraindik bertan segitzen dutenak alferrik ari dira Haitin gertatzen ari den infernuaren berriak lau haizetara hedatzen. Haitikoa, beraz, morborik gabeko kolera da, hain baikaude ohituta sufrimendu urrunaren kiratsaren usainaren aurrean sudurra ondo ixten eta begiak desbideratzen. Haitin sufritzen ari direnak bertakoen arimetan kolera edo haserre bizia piztu badu ere, ez gaitu, bestalde, gehiegi kezkatzen, zombiak bailiran erdi hilik daudenen aurka zirt-zart egitea –Nepal urruneko Nazio Batuen soldaduek egin duten bezala– ez baita zaila izango. Oso bestelakoa izango litzake haitiarrek, beren burua defendatzeko eta kolera azaltzeko, arma izugarriak izango balituzte. Baina, zorionez, koleradun horiek duten arma bakarra budu famatua da eta ez dut uste inor beldurtuko duenik. Haitiko egoera ezin larriagoak ez dut uste guregan kezka handirik sortu duenik eta ez gara asko izango horregatik lo egin ezinik gabiltzan donostiarrak. Egia esateko, nire kasuan bederen, oso gertu gertatzen zaizkidan huskeriak askoz ere kezkagarriagoak izaten zaizkit. Munduaren «globalizazioak» urruneko katastrofeak eta infernuak ia egunero gure telebista, irrati eta egunkarietaraino hain maiz ekartzen dizkigutenez, nolabait immunizatu egin gara eta benetan zaila da edozein ezbeharrek gu hunkitzea eta, batez ere, guregan erantzunen bat piztea. Azken asteotan agian arretaz segi izan dugun ezbehar bakarra Txilen lurpetik ateratako meatzarien kasua izan da, seguruenik guregan kontzientzia txarrik sortzen ez zuelako… eta arazo osoa show hutsa bilakatu zutelako. Bestela, berton orduero eta segunduero transmititzen aritu zirenak oraintxe bertan Haitira joatea eta koleradun edozein pertsona hil arte segitzera gonbidatuko nituzke. Ez da, ordea, antzekorik ere gertatuko. Urruneko ezbehar larriak gure pantailatxoan begiratzeak sentimenduen pornografiarekin parekatu zuen norbaitek, baldin eta ezbehar horiek guregan erantzuteko inolako asmorik sortzen ez badu. Beraz, kasu gehienetan desgrazia horiei buruzko berriak hasterakoan hobe genuke botoitxoan klik egin eta beste gauzetara pasatzea, batez ere egunen batean –eta aitzaki ustel bezala– antzekorik «ez genekiela» erabiltzeko asmoa badugu.

