Konexio parkingak
Kendu berri da Illunbeko konexio-parkingerako autobusa. Udararako jarri zuen udalak, erdigunean auto kopurua murriztu nahian. Ideia sinplea da: autoak erdigunera sar ez daitezen, kanpoaldean aparkalekuak jartzen dira, erabiltzaileek garraio publikoarekin konbinatzeko. Halako konexio-aparkalekuak garraio publiko ona badagoen tokian jari ohi dira, trenari lotuak adibidez. Bilbok baditu batzuk, Eusko Jaurlaritzak hiriburura doazen tren geltokietan aparkalekuak egin baititu. Aparkaleku horietan ordaindu beharra dago, baldin eta ez badituzu trenarekin konbinatzen. Trena ordainduz gero, aparkalekua doan edo oso merke duzu.
Donostiak ez du horrelako ekimenik merezi izan Jaurlaritzaren aldetik. Garrantzitsuagoa omen da Euskotren Easo Plazatik Kontxara eramatea. Beraz, hiriak bere kabuz ekin dio gaiari, adibidez Illunben. Baina Donostian jarri denak berezitasun bat du: erakargarri izateko, hots, jendeak Illunben autoa utzi eta erdigunera autobusez joateko pizgarria izateko, doako autobusa jartzea erabaki zuen udalak.
Ideia ona izanda ere, badu bidegabetik. Bilbon erabiltzaileak garraio publikoa ordaindu egiten du. Geurera datorren bisitariak aparkalekua eta autobusa ditu doan. Neguan saskibaloi partidara joango den amararrak, aldiz, bidaia beraren truke ordaindu egin beharko du (dagoeneko zerga bidez ere ordaintzen duen zerbitzua). Zer esanik ez, ospitalera joan behar duenak ere bai. Bisitaria da autobusa hartzeko mesedea egin diezagun doakoa jartzen diogun bakarra.
Argudioa zera da: «erdigunera ez etortzea sustatu egin behar da». Beraz, erosotasunaren ordez doakotasuna eskaintzen zaio. Uste dut hitzak egokiak izanda, planteamendua ez dela egokia. «Erdiguneraino ez sartzea» sustatzea baino, zentro-zentroraino sartzea sustatzeari utzi behar zaio. Hau da, kontua ez da hainbeste Ilunben aparkatzea nola sustatu, baizik eta beste aukerarik eskaintzeari uztea.
San Bartolomepean beste parkinga egingo dute. Bitartean, horientzat alternatiba eko eta cool interesgarria izan dakien, denon diruarekin autobusa ordainduko diegu bisitariei. Benetan garraio publikoaren erabilera eta finantziaketa sustatuko luketen neurriak albo batera uzten dira (geltoki intermodalak, konexio-parking egokiak…) eta propaganda lehenetsi.