Kontxarik gabeko irailak 13 hura
Euskal Jaien egitarauaren baitan sortu ziren estropadak. XIX. mendeko akaberan sortutako ospakizunak gizarte tradizionalari gorazarre egitea zuen helburu. Landa eremuko herri kirolekin gerta bezala, lana da ardatza. Hala, arrantza munduari lotua agertzen zaigu arrauna. Balea ehizatzen zen garaitik omen dator arraunketako norgehiagokakoa, txalupen arteko lehia gordina izaten baitzen, balea arpoiaz jo ondoren. Baleontzien arteko lehia herri artekoa bilakatu zen ere, kantutegi tradizionalak erakusten digun moduan.
Egun, eskifaien osaerak salatzen duenez, kirol profesionalen artera iragan da. Gizon eta emakumezkoen artean oraindik ere alde handia badago ere arlo honetan, exijentzia maila eta prestaketaren seriotasunean gizon eta emakumeak pareko dira. Are, Donostia Arraun Lagunak-eko emakumeek sekulako erakustaldia egin dute, denboraldiko bandera guztiak irabazita.
«Artaxoako 40ek egindako desmasiak luzaz gelditu ziren herri memorian iltzatuta, fusilamendu lekuak eta errepresioaren ikurrak»
1879an hasi zen traineruen arteko lehia herri kirolen esparruan sartaraziko zuen Kontxako estropada saritua. Estropada hitza bera garai hartan hasi zen idatzizkoan agertzen. Bizkaiko golkoko estropadarik zaharrena da, bai eta arraunlarien esanetan, preziatuena ere. XIX mendean jokatu bazen ere lehen Kontxako bandera, 1945etik aurrera finkatu zen egun ezagutzen dugun moduan, hots, iraileko lehen bi igandeetan antolatutako estropadatan. Orduan finkatu zen ere gizonezkoen arteko jarduera gisa, 2008ra arte.
Joan den igandean, irailak 13an, 90 urte bete ziren frankistak Donostian sartu zirenetik. 1936an. 1936ko uztailaren 27an, Loiolako kuartelen setioan tinko, herritarren ekimenari esker, errepublikaren alde mantendu zen hiria. Halere, uda nahasia izan hirian, muga gertu izanagatik. Irailaren 13an, Ategorrietatik behera sartu ziren Francoren aldekoak, nagusiki erreketeak, Bidasoaldea mendean hartu ondoren. Artaxoako 40ek egindako desmasiak luzaz gelditu ziren herri memorian iltzatuta, fusilamendu lekuak eta errepresioaren ikurrak. Aktualitateak irentsi du efemeridea aurtengoan, oroimen ekitaldiak biharamunera pasaraziz. Orduan ere, aurten bezalaxe, igandea zen. Ordukoan, baina, aurten ez bezala, ez zen Kontxako Banderarik jokatu.

