Koronabirusa: egoera eta irtenbideak
Esaten badugu gure munduko eredu ekonomikoak goia jo duela eta, beraz, hemendik aurrera kaltea besterik ez duela egingo, ez geundeke oker. Bizi dugun egoera petral honek ezin du horrela aurrera segitu. Oraingoan, 80 urtetik gorakoak izan dira «pagano» nagusiak, baina horrela jarraituz, zein litzateke hurrengo «paganoa»? Hazi eta hazi ala hil, hori da gaurko ereduak eskatzen duena. Eta shock egoera batean bizi gara.
Koronabirusa kapitalismo neoliberal eta patriarkalaren ondorio logikoa da, mundu globalizatuaren azken adierazpena, apokalipsi ekologikoa eragiten ari dena. Hitz gutxitan esateko: datorkigun hondamendi ekologikoaren adierazpena. Desastrearen kapitalismoa, eta honek shock egoera eragiten du, ondoren nahasmenarekin etekinak ateratzeko. Estatuak, orain, terrorismoaren aitzakiaren ordez birusaren aitzakia dabil bere legeak direnak ere hausteko. Ditugun agintariek ez dute konfinamendurik nahi. Lantegiak itxi badira herritarren presioagatik izan da. Oasia da garrantzitsua. Krisiari ez zaio irtenbide teknologikorik aurkitzen, beraz, handitzen joango da krisia kapitalismoaren kolapsoa bihurtu arte.
Gainera, pandemia aurrera doan heinean agintekeria nabariagoa da. Pandemiak segitzen duen bitartean agintekeriak estatuko interes orokorrak defendatu behar ditu, eta egoerak irauten duen bitartean ez da aldaketa politikorik izango.
Nola irten egoera honetatik?
Atera gaitezke are arriskutsuagoa izango den sistema kapitalista gogorragora, autoritarioagora, agintekerian oinarria izango duena, kontrol handiagoa ezarriko diguna, Chauvinistagoa izango denera, indibidualismoan lerrokatuko dena agresibitatea areagotuz, lehiakortasuna indartuz joango dena… Edo atera gintezke irabaziak banatuz, lan orduak murriztuz, etengabeko hazkundearen paradigma baztertuz, energia sozialaren ikerkuntza bultzatuz, hezkuntza eta osasuna bultzatuz, elkartasuna sendotuz, harremanak handituz, berdintasuna areagotuz.
Horretarako, paradigmaren aldaketa sozial-politiko-teknologiko-zientifikoa beharrezkoa izango da. Ospitaleak, osasuna, oro har, zaharren zaintza, pentsioak, soldatak, etxebizitzak guztiontzako, bizi-proiektua garaiz egiteko aukera. Hauek dira berehala konpondu behar ditugun arloak, hauek dira egiteke ditugun aldaketak. Kontuan izan behar dugu sistematik kanpo gelditzen direnak baztertuak izango direla, hau da, zaharrak eta langabeak.
Orain, pandemia honetan gaudela. adosten joan beharko genuke orain arteko egoera honi nola buelta eman, elkartuz, eztabaidatuz, zehaztuz, eta erabakiz zer egin.