Kuartelik ez hemen ez inon; gastu militarra gastu sozialerako
Azkenengo hiru hamarkadetan lortu ez eta bi egunetan kitatuta, horiexek dira politikarien epeak gakoa borondate kontua denean. Helburua: Loiolako kuartel militarra Urumea ibaiaren alde batetik kentzea, baina bestera aldatzeko. Akordio honen xehetasunetan sartu baino, militarren zereginaz bi hitz erran nahi nituzke. Militarrak Donostian gelditzea beharrezkoa dela nabarmendu du zinegotzi batek baino gehiagok. Espainiako estatuaren enbaxadore direlako ala herritarrontzat betebehar garrantzitsu bat dutelako? Loiola auzoko uholdeetan eta pairatzen dugun osasun krisialdi honetan garbiketa lanetan ikusi ditugu, bai. Lan horiek burutzeko ez al ditugu suhiltzaile eta osasun arloko langile prestatuagoak? Urte osoan zehar maniobra jostaketetan dabiltzan funtzionarioak behar al ditugu? Bilboko portutik atera diren armaz betetako itsasontziak arabiar armadak Yemengo biztanlegoa txikitzeko erabiltzen dira. Bai, halaxe da, Loiolako gazte horien antzera, beste hainbat gazte ere kuarteletan bizi dira munduan zehar. Batzuk Donostian zehar goizetan galtza motxetan korri egitera ateratzen diren antzera, haiek tankean (baliteke piezaren bat gurean ekoiztutakoa izatea) sartu eta gudara doaz. 1936an alderantziz izan zen. Gerra hemen hasten da, eta esango nuke, kuartel txiki batean.
Zaintzan, osasunean, zientzian eta beste arlotan, inoiz baino gehiago, inbertsioa eta baliabideak behar ditugun honetan, oraindik ere Espaniako gastu militarra handitu baino ez da egiten (maiatzean 55 milioi euro ITPrentzat; abuztuan 2.100 milioi euro 348 8×8 tankeren ekoizpen eta erosketarako, estatuko armamentu industria, Andoaingo SAPA barne, salbatu nahian).
Mundu gizatiar batean militarrek lekurik ez dute. Herri txikieneko kuartelak ere mundu honetako guda, errefuxiatu eta bere ondorio latz guztien sarea sendotzen du, gudaren kultura eta makinaria olioztatzen, alegia. Horregatik, gure talde antimilitaristak «kuartelik ez hemen ez inon; gastu militarra gastu sozialerako» exijitzen du.
Alkate jaunak esana du militarrekin zer gertatuko den dagoeneko ez dela bere ardura. Gurea bai, ordea, bai baitakigu gudarik gabeko mundu bat ere hemen hasten dela, gure herritik egin dezakegun desmilitarizazioaren aldeko borrokan. Isiltzen bagara, jai daukagu mundu hau baketzen.