'Lapurrak'
Aritz Sorzabal, kazetaria
Ez dut ezer berririk idatziko gaurko zutabean, baina, barrua askatu beharra dudanez, esango dut. Jakina da krisiak txikia kolpatzen duela batez ere, handiarekiko aldea handituz. Jakina da ere handiek jasotzen dutela babes zabalena halako egoeretan, txikienaren kalterako. Ekaineko langabe kopuruaren berri eman du Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren Lan Behatokiak, baina ez naiz horri buruz ari. Uda hasiera guztietan bezala hainbat donostiarrek lana aurkitu dute, aldi baterako bada ere, baina hori ondoren egingo dudan gogoeta baino jakinagoa da. Hain zuzen ere, lapurrei buruz hitz egingo dut; Robin Hooden kondaira zabaldu zutenetik, enpatia sortu ohi duten pertsonaiei buruz. Lehenik eta behin, gizarteak jakin beharko luke Robin Hood ez zela lapur atsegin bat, han eta hemen biltzen zuen guztia behartsuei banatzen zien horietakoa. Ricardo II.a erregearen aurka altxatu zen gerlaria izan zen, Robert Hood izenekoa, zergak ordaindu nahi ez zituelako. Erik belgikarrak ere ez du pantaila handiko Hooden antza, Gorka Merchan intxaurrondotarrak berari buruzko pelikula bat egiteko proiektua esku artean duen arren. Honek elizak hustu zituen aberasteko. Hitz batean; lapurrak profesionalak dira, ez diete sentimenduei erreparatzen, soilik euren probetxurako lan egiten dute. Hona iritsita, Amara Berriko La Caixaren egoitzan astelehenean izandako lapurreta saiakerari buruz ari naizela pentsatuko duzu, irakurle; bada, oker zaude. Izan ere, oharkabean pasa den gertaera bati buruz ari naiz; hori bai, hemen ere lapurrak dira protagonista. La Caixan segurtasun neurriek funtzionatu zuten, polizia berehala bertaratu baitzen. Lehen esandakoa: handiek babesa dute; txikiak, berriz, bakarrik daude, are eta gehiago krisi garaian. Kortxoeneako eta Alaska tabernako lagunek hala sentitzen dute: sei hilabeteko epean, lapurrak bosgarrenez sartu dira Groseko gaztetxean; eta hogei eguneko tartean, bitan Amara Berriko tabernan. Ez dut uste La Caixan edo beste banketxeren batean noizbait halakorik gertatuko den.
