'Laudorioak'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Bakarrik ikusi nuen etxean Valentziaren kontrako partida. Urteak ziren ez nuela Realaren partida bat bakarrik ikusten, tabernan nahiz Anoetan lagunez inguraturik egoten bainaiz. Tabernan bezala, garagardo bat eskuan nuela txalotu nuen gure jokalarien defentsa bikaina. Tabernan ez bezala, pipa ahoa nuelarik ospatu nuen Griezmannen gola, ke zirimola artean. Egia esan, arraro sentitu nintzen, deseroso, ikuslerik gabeko antzoki bat bezain. Futbola zerbait kolektiboa da, hala zelai barruan nola kanpoan, eta etxeko bakardadeak kalte baino ez dio egiten.
Bai, arraroa izan zen.
Baina are arraroagoa izan zen jakitea ezen gure jokalariak guk uste eta guk sentitu baino askoz ere hobeak direla. Bai, ene lagunok, La Sextako esatarien hitzak sinestera, Agirretxe killer bat da, baina ohiko killerrek egiten ez duten lana ere egiten dakiena. Xabi Prieto –non hago? ze larretan?– luxuzko eskularru bat da. Elustondo zelai osoa kontrolatzen duen mariskal bat, nahiz eta Illarramendiren mailara ez iritsi. Mikel Gonzalez hartz bat da leize batetik orroka ateratzen dena. Mariga… –ai Mariga, Mariga…–. Eta Cadamuro laster internazionala izango da. Eta Zurutuza… Eta Vela…
Lastima Mallorcako partida Canal Plusen jokatu izana! La Sextan hain gara onak non bertan jokatu izan balitz, Realak derbi bat jokatuko bailuke San Sebastian bezperan…
Zorionez –eta zoritxarrez–errealitatea bestelakoa da. Reala astebururo ikusten dugunok badakigu Agirretxe ez dela killer bat, Prietok hilabeteak daramatzala ezein atzelariri iskin egin gabe, Elustondo ez dela Xabi Alonso, Illarramendik hamar partida baino ez dituela jokatu lehen mailan, eta Argeliak ez duela Afrikako kopa irabaziko Cadamurori esker.
Eta, hala ere, maite ditugu. La Sextakoen laudorio merkeak gorabehera, jokalari arruntak dira Realekoak. Baina gureak dira, gure jokalari arruntak. Eta gauzak ondo egiten dituztenean, gure laudorioak benetakoak dira.
La Sexta-ko kazetarienak ez bezala, gure laudorioak ez dira batere merkeak.

