Letrak
Hautsak harrotu dituzte azken asteetan Miramar jauregiaren aurrean jarritako letrek. Hasiera batean, bertan jarri zituztelako. Ondoren, eta azken egunotan, baita kendu dituztelako ere. Baina ez dira, segur aski, azken hilabeteotan ikusi eta entzungo ditugun letra bakarrak. Hasi gara, dagoeneko, bagera, zu bezala, aukerak baliatuz eta ez da politika bezalako letrak nonahi ikusten. Hauteskunde giroari dagozkion letrak dira. Zopa hizki batean bezala, datozen egunetan etengabe jango ditugunak.
Zaila izango da, gainera, datozen udal hauteskundeen eztabaida hiri mailan soilik kokatzea. Asko dira kanpotik datozen hotsak, besteak beste, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak hilabete eskas lehenago izango baitira. Posible izango al da, gaiek eskatzen duten sakontasunez, hiriak dituen epe luzeko erronkez eztabaidatzea? Gazteentzako etxebizitza aukerak, adinekoen bakardadeak eta gure auzoetako ekintza komunitarioek eztabaidaren erdigunean egon beharko lukete. Baita tokiko parte hartze zuzeneko tresnetan sakontzeko aukerak ere. Zoritxarrez, susmoa dut Espainiako politikako gai eta estilo zakarrak ez digula emango aukerarik kanpaina honetan gai horiez hausnarketa bat egiteko.
Hautagaietako batek esana du, dagoeneko, gogoko duela Donostia itsasotik ikustea. Ez dakit hori esatea, agian, gehitxo esatea den, baina, agian, eskatu beharko genuke datozen asteetan letrek utz diezagutela atzean dagoena ikusten. Donostia 2016ko kanpaina batean agerian geratu zen bezala, markoa bera baino garrantzitsuagoa baita barruan dagoena.