Lorea
Luix Barinagarramenteria, abokatua
Negukoa. Udazkenekoa. Apirilekoa. Itsasokoa. Zerukoa… Otsailaren 12an Euskal Herrian Euskaraz-ek Donostian egiteko manifestazio deia, otsaileko lorea, negu kolorea. Bertara agertzeko saiakera egingo du idazten duen honek ez badu astebururako behar batek kanpoan harrapatzen. EHEren sortzearekin batera, gaur arte irautea bera da gure herri txiki honetako lorea. Ohorea. Orkidea bihurtu nahi izan dutena askok, arraro, bakan, dekoraziorako. Eskerrak kideak izan zirela eta direla hor. Hor-kideak. Eta herri honetako hizkuntza diglosi-fagozitosi egoeran, ur itokinaren pareko aldarri etengabean diharduen Euskal Herria Euskaraz taldeak. Lore sorta osa dezagun otsailaren hamabia eta jardina, etorkizuna. Eusko Jaurlaritzako Euskararen Batzordearen aurkezpen hitzaldian Patxi Lopezek esandakoak –irakurrita eta nola!– hautsak harrotu ditu, nahiz, nire iritzi umilean, merezi zuen erantzun jaso eta irmorik eduki ez duen. Harrotu egin zaizkigu –ares gehiago– gazteleraz bizitzera bultzatzen gaituztenak. Balorea? Alfonbra gorria dute luze jarria, Zinemaldian nola. Jon Juaristi «aholkulariak» Euskara ez dela «bere hizkuntza» eta ez diola axola ere esana du duela egun gutxi Euskadi Irratiko elkarrizketa batean. Eta Lopezek edo Batzorde horretako beste arduradunik ez dio ezer esan Juaristiri. Babalorea. Hala doakigu. Joxe Austin Arrietaren «errietaren» mea culpa adierazteko premia sentitu du ordea Joseba Alvarezek Berria egunkarian. Euskararen jardineko ale esanguratsu bien arteko diskulpak. Eta Juaristik datorren artista zanpatzaileak esandakoagatik, Batzordeak deus ez. Aholku ederrak jasoko ditugunak. Moreak. Lorea zuen izena Ondarroako gure amona maiteak. Lorea nire lehengusin bik. Familiko jardina. Amorea. Lorea hartzen du izen Amarako euskararen jardin gozoak. Hari zuzendu nahi diot gaurko tartetxoa. Euskal Herrian Euskaraz-en otsailaren 12ko elkarretaratzeak han beharko zukeen amaiera, aldez aurretik enkargatutako txokolate bero eta txurroekin, festa ezin duinagoa izateko. Aspalki desauzoan nabilen arren, Amara-Berrikume izateari ezin izango diot sekula iskin egin eta, etxaferuak aireratzeko ez banago ere, harrotasun apurra badut auzoan euskararen aldeko gune, elkarte, iritzi, nahi, saiakera eta Donostiar ugari ere badagoela adierazteko. Horien artean, euskara usain eder askoarekin, Lorea kafetegi-txokolategi-txurrotegi maitagarria.