
Atzekoz aurrera irakurria izateko izan da idatzia izenburua. Nahita. Arreta gehixeago ebatsi nahia zuri, irakurle abegikor hori, eta bereziki, atzekoz aurrerako proposamena luzatu nahi diodalako Loretopetik-eko kideari. Atzekoz aurrera, gauzek behar izaten baitute iraulia, astindua, hankaz-gorakoa, aldatuak izaten hasteko. Bi hilabete eta erdi kalean utzi zutela.
Ongi etorri “ofiziala” egin zitzaion hazten ikusi zuen Donostiako alde zaharrean. Alde berean dut lantokia, baina oraindik ez dut bera ikusi kalean denetik eta ezin izan dut aurrez aurre agurtu, lehenago asko ere ezagutzen ez nuena. Agi denez, lotsagabekiro jokatzea lirudike, baina, Irutxuloko Hitzan egin zioten elkarrizketan irakurritakoak irakurrita lekraM atariP berari luzatuko nizkiokeen galderekin ehundutako zapitxoa badut, honako aldaretxo-masta baliatuz bereganatzen ausartuko naizena, neu, pirata nahi baina ezineko filibusteru eskasa. Bai, bai, lasai.
Ez da denbora asko libertadean sentituko duela bere burua lekraMek, sentituko badu, baina akaso hartua dizkie honezkero tenperatura eta neurria hiriari, jendeari eta Herriari, eta bere gogoeten zukua baliagarri izango zaigu oso herri-humusean bizi garenoi. Bera baita, oinak lurrean, iraulia antola lezakeenetako bat. Hala begitantzet zait. Jendeari buruzkoak: gustura galdetuko nizkioke orokorrak baina oinarrizkoak direnak: nola dakustazu, lekraM, langabeziak janda duen gazteria, maileguekin soka-muturrean lotua dagoen jendartea, garai bateko kolektibitate-multzo-talde sena zeharo baztertua eta norberagintzan espezializaturik bizi gaituen gizartea? Pirata gutxi, piraina asko? Herriari buruzko itaunak pintzel lodikoak izanagatik ere, ez lirateke garrantzi gutxiagokoak, bere elkarrizketan esandakoak esanda: bai, baina nola jarri Stopa Estatuari?
Estatuei estopa nola? Zehazki, nola? Nola eten estatu honen/hauen Herri honekiko jarrera? Nola, zehazki. Nola dasumazu obedientza ezaren ergainkortasuna zeregin horretan? Eta amaituko nuke itaunka hiri honi dagokion galdera sortarekin, zeinean, tarte hau ez luzatzearren, honakoa litzateke gailenduko litzaidakeena: nola gauzatu euskalgintza-kulturgintza-aisialdia-jendartea-igurtzia-aniztasuna-kariñoa-emoziogintza era duin, irmo eta eraginkor batez? Izan ere, hau iruditzen baitzait, besteak beste, eta saiakerak saiakera, Donostiyak ezinbestean zizelkatzeko duen zeregin zutabea. LekraM hankaz-gorazaleari, ez adiorik!