Luix Barinagarrementeria: 'ERE'
Edo “Enplegu Erregulazio Espedientea”. Jendearen irribarreak ere ERE egoeran dira ala? Gure herri eta auzoetako denden pertsianak behera egiten ari dira gora baino, pertsiana egileak ere, ERE egoeran daudelarik? Behinola astean zehar lagunak lan-orduz kanpo hartzen zituzten garagardo-ardo-trago pare bana haiek nora dira joan? Nora pintxo, otarteko edo eta plater konbinatuen adiskide-arteko asteazkeneko afaritxoa? EREan ere? Zuloaga enparantzako zinemetara hurbildu nintzen lehengo larunbatan arreba eta ilobekin eta sesioan bertan zein osteko saioetarako jendea eskas mugitu zela iruditu zitzaidan.
“Euskarazkoa zelako”, ohartarazi nion, erruki ukituz, nire burmuinari EREan beti, euskarazko jarduera gehientsuenak bezala. Hori ere bai? Hori batez ere. Duela ez asko tartetxo honetan bertan diosala egin nion ixte premiak behitu zuen DAM dendari. Emeki emeki iritsitako EREa hura ere. Eta harez geroztik, aurretik ere bai, ikusiak ditut premia berberak erasandako makina bat denda, taberna, bulego.
Hiri-basamortutze prozesua martxan ipini dela dirudi. Zahardade gero eta pausatuagoaren ondorio izango da, baina, non dira Richeko kremazko bonbak? Non egingo dute eztanda? Nork ote ditu jango Urbieta kaleko izkineko Richeko “ingeles” pastiz haiek? Rich-ter eskalan non kokatu dute gozotegiaren EREa? Eta Eguzkia? Premia berberan zegoela pentsatzera eraman naute abendu eta urtarrilakeko eguraldiak, euriak, haizeak, lainotzar multzo amaitezinek, ez balitz azken egunetan ikusi ahal izan den zeru argiagatik, nukleokosmokronologiaz zehaztu denez duela 5.000 milioi urte sortu zen eta bere bizialdiaren erdian dagoen Eguzkia: “Zu ERE bai?” Ez, antza, oraingoz. Baina Lagarde edo Merkel izar zaharraren balio erantsiaren bideragarritasun europarrari buruzko txostenaren azken ondorioak ezartzen hasteko premiaz ohartu bezain pronto, Ekia bera EREn dugu. Baita ERE.
Akabo epeltasuna, adio goxotasuna, hain zuzen ERE. Zurriola, Kontxa, Urgull, Lau Haizeta, Ametzagaina edo Urumea ertzetik eguzkipean paseatzea ERE, ahituko da. Tristezia nagusitzen ari da herriko plazetan, kaleetan, hondartzetan, herritarren ezpainak ere dira EREan, alegrantziarik bat ERE ez. Irutxuloko Hitzaraino iritsi da EREa. Ostiraletara zokoratua da paperean. Nire grazia apurra, bistan da, ERE egoeran dagoenez, banoa ni ERE.

