Luix Barinagarrementeria: 'Kafe minez (Xabier Iriondo Salaberriari)'
Anje Duhalderen ahotsean ezagutu genuen abestia datorkit gogora oroitzen dudanero, “barka baina kafe-minez nago...”. Edota Vincenzo Bellinniren La sonnambula operako aria ezagunen bat, izan ere, berari esker ikus-entzun bainituen zuzenean nire bizitzako estreineko operak Bilboko Albiako Koliseoan, Donostiatik beren beregiz hara joateko antolatutako autobusean, bera, Itziar emaztea eta semeren batekin joanda, dozena bat aldiz. Kontxako hondar busti trinkoak igandetako goizetan osatzen zuen futbol zelaiaren usaina azaltzen zait, berarekin akordatzen naizenean.
Zenbat sos emango zituen bere seme nagusienaren koadrilakook kafe onaren aroma tixirt gorri haietan eraman eta heda genezan, urte bat bai, hurrengoa ere bai, Kontxako txapelketetan. La Casa del Cafe. Zer edo zertxo irabazi genuen inoiz, gainera. Sekula behar bezala eskertu ez baina. Zenbat sos ez zituen ibili eta erabiliko hemengo eta hango, mugako eta mugaz bestaldeko euskaldun, abertzale eta borrokalariak sorosteko. Ramon Saizarbitoriak berak egina du, pentsa, bere eleberrietako batean honen aipu. Hamaika Sos, hark emandako laguntzekin eta zientoka pasarteekin jositako eleberrirako titulu polit askoa. –Ramonen baimenarekin– Idatziko duenik izango al da? Ojala.
Oilagorran makina bat otordu prestatu zituen gure aitak, Jexuxekin, Pellorekin, hark ordaindutakoekin, betirako zirela pentsatu genituen eta sekula itzuliko ez diren bazkari eta bazkalondo oparoak eskainiz.
Nerabe bero ero-edo ginela bere ibilgailu galantan eraman gintuen sarri, Iruñean ospatzen genituen Aberri Egunetara. Oroitzen dut primeran, berandu gindoazeneko hartan Iruñeko sarreran ibilgailu flamantea trafikoak geldituta, bera gidari, ateak zabalik utzi genizkiola hanka eginez “manifestaziora garaiz iristeko”. Bera eta bere bizitza izan zireneko metafora akaso: bidea berak egin, ordaindu, helmugara iristen lagundu, eta orduan, ospa egin ia agurtu gabe, ateak beti zabalik utziz, berriz noiz sartuko prest, hala ere. Lau gelatako bihotz handi. Ez dira gutxi izango izokin koloreko «aldizkarietako» Atseden etxean igarotako orduak, meriendak, hitzaspertuak, zein distiraz gordetzen ditudan nire oroimenean.
Irribarre andaria, lurrin goxoak apailtzen zuen ibilkera dotorea, hizketarako beti pronto. Orio-zale estropadetan, Retegi maitale pilotan. Kiroletan ere “España”ez zen edozer/edonor irabazle gerta zedin, amorratua. Grabatutako partida edo lasterketa hura ikusiko zuen, ondoren, Espainiak galduz gero. Ez bestela. Joan berri zaigu, Xabier Iriondo Salaberria handia. On asko eginda, emanda, eskainia. Berak nahiko zukeen Euskal Herri askea ikusi gabe. Gure herriko belaunaldi urrezko eta sendo bateko kate-begi ezinbesteko. Barka baina kafe-minez nago. Beti arte Xabier!

