Maite ditut udak
Gorka Etxeberria, bertsolaria
Eguzkia eta hondartza maite ez ditudan arren, udak maite ditut. Maite ditut herriko txupina botatzean Euskal Presoak Etxera banderolarekin ateratzen diren txuriz jantzitako pertsonak. Maite dut txosnetan entzuten den kalimotxeroaren soinua. Maite ditut kruasanak garagardoan bustitako gosariak. Maite ditut kalimotxoz beteriko kamisetak. Maite ditut Euskal Herriko jaiak. Uda honetan gehiago maitemindu naiz udaraz; are gehiago Donostiako Aste Nagusiaz. Bi urte atera gabe egon eta gero, aurten berriro abordaian izan naiz lagunekin. Zein ezberdina ikusi dudan abordaia. Gogoratzen naiz lehenengo abordaiaz eta ezin dut ulertu nola iritsi garen gaur egungo makroabordaira. Gauza bakarra uler dezaket soilik, Donostiako gazte batzuek egindako auzolanarekin errealitate bihurtu daitekeela hasiera batean ametsa zirudien hori. Horregatik, hemendik, Donostiako pirata guztiak zoriondu nahi ditut egindako lanarengatik. Batez ere, hasiera hartan piratak izan zirenak, eta egun, espetxetan dituztenak. Hala ere, Donostiako piratak ez dira aipatu beharreko bakarrak Aste Nagusi honetan. Oraindik udaletxeko hamaiketakoan pentsatu eta bertako erreakzioak etortzen zaizkit gogora. Ramon Gomez eta gure alkatearen arteko elkarrizketak Iberiar penintsulari eman dio buelta. Atsegina izanda beraiekin, ipurdia agerian uzten dute batzuek. Biktimen inguruan hitz egin zutela dio Ramon Gomezek, baina ahoan duen irribarrearekin pentsatu nahi dut ez duela biktimetaz horrela hitz egingo. Beraiek jakingo dute, baina niri asko gustatu zaidan argazkia izan da. Azkenik, gure alkate ohiak utzi dizkigun perlak ere izugarriak izan dira. Paramount Comedy-koak bera fitxatzen ahaleginduko dira bakarrizketak egiteko. Demokraziaren mesias bihurtu da gure Odon. Aurreko guztia bikaina zen, eta oraingoa desastrea. Konklusio sakona benetan. Hurrengo batean idatziko dut alkate ohiaz, baina langabezian dagoen jendearekin sartzea ez dut etikoa ikusten. Horrela, maite ditut udak.
