Manex Agirrezabal Zabaleta: 'Teknologia, hizkuntza eta euskara'
Nork ez du punta-puntako teknologiadun zerbait erosi inoiz eta haren argibideekin erotu erdaraz zeudelako? Orokorrean, gauza berritzaile guztiak ingelesez egoten dira eta gero poliki-poliki joaten dira euskarazkoak agertzen. Antzekoa gertatzen da Youtube-ko bideoetan, non ingelesezko edukia askoz ere altuagoa den, baina badoa euskal komunitate youtuber-a sortzen ere.
Berrikuntza hauek, zientzia eta baita teknologia ere akademiarekin guztiz erlazionatuta daude, orokorrean akademian prestatzen baitira egungo zientzialariak eta berrikuntzak proposatzen dituztenak. Eta zein hizkuntzetan egiten da prestakuntza hori? Euskaraz ikasteko eskubidea guztiz bermatua al dago Euskal Herrian? Gogoratu, adibidez, 2015ean medikuntza euskaraz ikasteko zein zailtasun zituzten plazaratu zutenekoa. Beste batzuok, zorionez, bai karrera, masterra eta doktoregoa euskaraz egiteko aukera izan dugu.
Doktoregoak zientzia mundura bideak zabaltzen ditu, ikerkuntza egitera, alegia. Honek, ordea, baditu bere kontuak ere. Lan zientifikoak irakurtzerakoan, gehienak ingelesez idatzita egoten dira, azken finean mundu osoan hitz egiten den hizkuntza delako. Horren ondorioz, badirudi euskaraz ez dela inongo ikerketarik egiten.
Honi buelta emateko, euskal ikertzaile sarea osatu eta hari ikusgarritasuna emateko, Udako Euskal Unibertsitateak IkerGazte bilkura antolatu zuen 2015ean, arrakasta handiarekin. Aurtengo maiatzean ere izango dugu IkerGazte, Iruñean. IkerGazte bezalako bilkurek arnasa eskaintzen diote euskal ikerkuntzari, ikerkuntzan euskaraz jardun daitekeela frogatuz.
Manex Agirrezabal Zabaleta, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduan doktorego ikaslea