Maria Elena Arizmendi Amiel
Donostian jaio zen, 1916ko otsailaren 1ean. 19 urte besterik ez zituela, 1935ean, Ravelen Boleroa dantzatu zuen oinutsik Donostiako Kursaal Handian eta Bilboko Arriagan, Cristobal Balentziagak diseinatutako jantziekin. Parisko antzoki bateko enpresaburu batek kontratua eskaini, baina uko egin zion. Ez zuen ama bakarrik utzi nahi, aita hil berria baitzen eta etxean seme-alaba txikiagoak baitzeuden. Talentu nabarmen baten aurrean, aukera profesional handia ireki zitzaion, baina familiaren egoerak beste bide batera eraman zuen.
Arizmendi ez zen, ordea, dantzatik urrundu. 1940ko eta 1950eko hamarkadetan Euskal Herria zeharkatu zuen Jose Maria Iribarren senarrarekin, magnetofonoa, argazki makina eta zinema kamera hartuta. Jaiak, herri dantzak, jantziak eta errituak dokumentatu zituzten. Ez zuen folklore bilduma apaingarri bat osatu nahi. Ikusten zuena jaso, alderatu eta ulertu nahi zuen, gero berriro dantzaren eremura eramateko.
1959an, euskal dantza tradizionalari buruzko lehen hitzaldia eman zuen Madrilgo Ateneoan. Ondoren, dantzaren desintegrazioaz, folklorearen arriskuez, Iturengo inauteriaz, Oñatiko Corpusaz edo Irungo sanmartzialez jardun zuen. Koldo Mitxelena, Jose Migel Barandiaran, Julio Caro Baroja, Aita Donostia edo Pablo Sorozabalen modukoekin harremana eta informazio trukea izan zuen. Bere lana, beraz, ez zen zaletasun pribatu baten emaitza. Garaiko euskal kulturaren ikerketa sarearen barruan kokatu zen.
«Gaztetan, ikasketak utzi behar izan zituen, familiaren egoera ekonomikoagatik. Urte batzuk geroago, ikertzaile, koreografo, idazle eta hizlari bihurtua zen»
Hor dago Arizmendiren ekarpenik interesgarriena. Tradizioa ez zuen pieza itxi gisa ulertu. Ikerketa, transmisioa eta sorkuntza lotu zituen. 1963an, Izarti dantza taldea sortu zuen. Galdutako dantzak berreskuratu zituen eta, behar zenean, material zaharretik abiatuta, berriak sortu. Pablo Sorozabalekin izandako lankidetzatik etorri zen Batelarien zortzikoa, 1966an estreinatua, Pasaiako batelarien oroimenean oinarrituta. Ez zen iraganaren kopia egitea, gordetako arrastoetatik dantza berriro biziaraztea baizik.
1976an, beste lan nagusia plazaratu zuen, Vascos y Trajes, hamabost urteko ikerketaren emaitza. Bi liburukitan grabatuak, marrazkiak eta dokumentu zaharrak bildu zituen euskal janzkeraren historia berreraikitzeko. Bere lanaren bi muturrak ikus daitezke hor: gorputza eta artxiboa, dantza eta jantzia, mugimendua eta dokumentua. Aurten, gainera, bi urteurrenek bat egiten dute: Batelarien zortzikoa–k 60 urte bete ditu eta Vascos y Trajes–ek 50.
Bada beste datu bat bere garaia neurtzeko. Euskal Dantzarien Biltzarraren sorreran parte hartu zuen eta hasierako elkarte hartako emakume bakarra izan zen. Gaztetan, ikasketak utzi behar izan zituen, familiaren egoera ekonomikoagatik. Urte batzuk geroago, ordea, ikertzaile, koreografo, idazle eta hizlari bihurtua zen, Euskal Herritik New Yorkera, Erromara edo Buenos Airesera bere ikerketak eramanez.
2001eko irailaren 10ean hil zen, Irunen. 25 urte geroago, bere jaioterri Donostiak haren lana berreskuratu du, Euskal Jaien barruan. Arizmendik utzitako auzia hor dago oraindik: tradizioa errepikatzeko zerbait den, ala dokumentatu, ulertu, transmititu eta berriz sortzeko lehengaia.

