Maria Josepha Amasorrain
Urtero bezala, udako solstizioan, San Joan gaua ospatu zen Donostian. Sua eta dantza. 1666. urtea zen, XVII. mendea. Bibliaren interpretazioaren arabera, dena amaitzen zen urte horretan, apokalipsia. 666. zenbakia ere piztiarena zen. Londres lau aldeetatik erreko zen urte hartako irailean. Gaitzesleentzat profezien berrespena.
Suaren egun gutxi barru, hain zuzen, Kanboko (Lapurdi) Pedro eta Joanes Borda anaiak Añorgako Amasorrain baserrian sartu ziren, bertan bizi baitzen oinetxeari izena ematen zion familiaren alaba. Hendaiatik Pasaiara txalupa batean abiatu eta bi ordutan Añorga auzora iritsi ziren biak, oinez. Añorgan agertu ziren La Capitana-ko lau marinelekin, Espainiako Armadako galeoia, —txanpon batzuen truke— helburu zehatz batekin. Joanes Borda, haien laguntzaz sartu zen etxeko gela batera. Bertan, Maria Josepha Amasorrain gaztea ahizpa txiki batekin eta bere ama Cathalinarekin lotan ari zen. Eta Joanesek Maria Josepha bahitu egin zuen.
Bahiketa ez zen aurreikusi moduan atera. Familiako gainerako kideak eta baserriko langileak Cathalinaren oihuekin esnatu baitziren. Hala ere, bahitzaileek euripean eta gaueko iluntasunean ihes egitea lortu zuten. Ordurako, Martin Suquiak, Amasorraingo morroiak, Joanes Borda baserriko langile ohia zela aitortu zuen. Lasterketan, Suquia Hernanira iritsi zen, eta han kanpaiak joarazi zituen. Bolbora bezala zabaldu zen albistea, eta gizon talde bat, makilaz, arkabuzez eta eskopetaz armaturik, banatu egin zen bahitzaileen atzetik joateko, Amasorraingo jaun Sebastianen eta Ereñotzuko Alonso kapitainaren zuzendaritzapean. Astigarragatik eta Donostiatik beste batzuk ere atera ziren, eta guztien artean ehunera iritsi ziren. Baina ordurako, Borda anaiak Pasaiara iritsiak ziren, Sebastian —Maria Josepharen aita— hurbil-hurbiletik atzetik zutela. Eta Pasaiatik Hendaiara, non Bordatarren familia baten etxean babestu ziren.
«1666ko Joanes eta Maria Josepharen istorioa amodio istorioa izan zen. Sebastian Amasorrainek onartzen ez zuena»
Bi egun geroago, Ereñotzuko Alonso, Sebastian Amasorrain eta konpainia, Maria Josepha gordeta zegoen tokira heldu ziren, gaztea askatuz. Muga berriz zeharkatu eta Añorgako baserrira itzuli zuten Amasorraineko alaba. Andaluziako marinelak izan ezik —jada flotarekin itsasorantz abiatu baitziren— bahiketako partaide eta bitartekari guztiak atxilotu eta Azkoitiko espetxera eraman zituzten. Ez, ordea, Pedro eta Joanes Borda, ez zituztelako harrapatu. Harrigarria bada ere, bigarren bahiketa bat egiten saiatu ziren, hilabete geroago. Orduan haiek ere atxilotu zituzten. Eta prozesu bat hasi zen, urteetan atzeratua. Nicolas, Bordatarren koinatua, erbestera kondenatu zuten eta Habanan (Kuba) hil zen. Joanes Borda urkatuta hiltzera zigortu zuten, baina hainbat helegiteren ondoren, bi anaiei hamar urteko zigorra ezarri zieten, arraunlari gisa aritzera soldatarik gabeko galeretara. Pedro leku zehaztugaberen batean hil zen, ziurrenik Pazifikoan, eta Joanes bizirik atera zen.
1666ko Joanes eta Maria Josepharen istorioa amodio istorioa izan zen. Sebastian Amasorrainek onartzen ez zuena. Maria Josepha, bahiketaren unean 16 urte zituena, 72 urterekin hil zen ezkongabe, denek mespretxatuta. Joanes Bordak Cartagenan (Murtzia) bere askatasuna berreskuratu zuen. Antza, han finkatu eta ez zen inoiz Kanbora edo Añorgara itzuli. Bahiketaren, prozesu judizialaren eta maitasun debekatuen istorio hau liburu bikain batean kontatu zuen Jose Miguel Unanue donostiarrak: El rapto de la hija de Amasorrain.