
Goitik eta eskubitik. Mugimendu Zapatistak hogei urte bete berri dituen honetan aurkakotasun nabaria dirudi, baina, hiriari Santa Klara uhartetik so egiten badiogu, 2013 urtearen hondarrean aldaketa goitik eta eskubitik heldu zaigu. Igeldotik, alegia. Igeldo herritik.
Batzuk aldaketa hori zapuztu dutelakoan izango dira; meza hedabide eta statu quoaren defendatzaile diren alderdiak oro. Lur irensle zementuzaleak eskuak igurtzitzen. Ez dira ohartzen, ordea, bi gauza ezberdin direla erakundeen prozedura judizializatuen denbora, eta egiazko denbora politikoa. Igeldotarren kasuan, aspaldi egin ziren beren kontzientziaren jabe, eta hala, denbora politikoaren jabe. Azaroan, gainera, statu quoak ere baleko goren behar lukeen praktikaren bitartez onetsia izan zen kontzientzia horixe. Orain, igeldotarrei beren denbora politikoa markatzen hastea dagokie, eta horren arabera, beren testuinguru propioen baitan lan egitea. Testuinguru, baina bereziki aukera. Subiranotasun lokalaren forma berriak saiatzeko aukera ezin hobean daudela argi baitago. Eta gora autonomia. Are eta biba gehiago auskalo zerk/nork baimendua ez bada.
PP demokraziaz min da, min ematen dio. PSE-EE hiri ereduaz, beraiena ez denaz. Eta PNVren minak, zeintzuk dira? Aurrekoen berdinak, eta aurrekoekin partekatzen dituen beste batzuk. Tartean zenbateko matematiko bat: 11 km². Iñaki Petxarroman kazetariak bete-betean jotzen zuen 2013ko abenduaren 18ko
Hizpideak atalean,
Berria egunkarian. Garapen ereduak herri txikia eta landa eremua hiri handien beharretarako euskarri fisiko huts bihurtu izan ditu. Areago eta gehiago, hirian lan eremuak funtsezko gai soziala izateari utzi dio, eta bere ordez lurraldea ageri zaigu. Balorizazio prozesuan (ondasuna merkantzian bilakatzea) lanak konpetentzia du. Lurraldea, azpiegitura erraldoi eta urbanizazio basatiaren euskarri gisa, erabateko merkantilizazioaren oinarri bilakatzen da. Merkatu globalaren mesedetan, beharrezkoa da lur erabilgarri eta baliagarriaren eraikuntza. 11 km². Nahieran ustiatzeko 11 km² gutxiago. Demokrazia ereduak min ematen die statu quoaren defendatzaile diren alderdiei. Besteon kontu aberasteko lurrik gabe geratu izanak min handiagoa alderdi horien baleko enpresei.
EZLNk dio beraien borroka eredua ez dela besteentzat egina, beraientzat baliagarria izan dena baizik. Baina irakaspenak utzi dituzte 20 urte hauetan. Eraikuntza eta eraldaketa sozialerako Chiapasen garaturiko maila ezberdinetako autonomia prozesu lokalak zein funtzionalak, adibidez. Eta lurra, lantzen duenarentzat. Inoren zain egon gabe. Soilik komunitatearen behar eta kontzientzien arabera. Saiatu eta urratzen hasi beharreko bideak.