Markel Ormazabal: 'Turista zure hirian bertan'
Izan naiz turista eta ezin esan dezaket etorkizunean gehiago izango ez naizenik. Baina gaur ez naiz. Eta izatearen joan-etorriko hau ez dut «modernitate osteko» deitu ditugun sozietate garaikideotan identitatea ulertzeko dugun manerarekin lotzen, zeinetan identitateak inoizko iragankorrenen eta hautazkoenen izango diren, eta kleenex baten gisan, erabili eta bota egiten ditugun.
Turismoa egiten duen pertsonari esaten diogu turista. Eta Nazioarteko Turismo Erakundeak 1993. urtean emandako definizioaren arabera, turismoa «pertsonek euren ohiko bizitokitik kanpo egiten dituzten bidaia eta egonaldietan burutzen dituzten jarduera multzoa da, aisialdi, lanbide edo bestelako helburuetarako, urtebete baino iraupen txikiago batez». Hau da, turista izateak iraungitze data zehatza du, ezin urtebete baino gehiagoz turista izan, urtean hilabete batzuez gehienera. Beraz, izan naizen arren eta izan naitekeen arren, gaur ez naiz turista. Baina atzo duda-mudarik sortzen ez zidanak zalantzak harturik nauka gaur. Turista zure hirian bertan, izenburu hauxe jarri zioten urte honetan bertan Gasteizen antolatu erakusketa-egitasmo bati. Eta atzo iradokitzailea zitekeen leloa iseka daiteke gaur.
Ez da berria turismoari, eta ondorioz turistari, ezaugarri deserosoak atxikitzen dizkion joera; ez alferrik, gero eta gehiago dira bidaiari eta turista hitzak bereizten dituzten pertsonak. Azkenak turismoaren industriak propio sortutako azpiegiturak kontsumitzen ditu, lehenak, ostera, azpiegitura horiek sahiestuz bidaiatuko du. Banaketa kontzeptualak teorian aukera berriak sortzen dituela ezin ukatu, «garena» baino «egiten duguna» garela onartuz gauzak –bidaiak– beste manera batean egiteko bide ematen baitu. Besterik da praktika, eta liburuan ez bezala, errealitatearen kategoria-kutxak lauso baino lausoagoak baitira. Areago, jatorrizko turista kategoria zaharkitua da egun, eta hona hemen zalantzan naukana, turista izateko egun ez dela «ohiko bizitokitik kanpo» egin behar. Donostian, bederen, ez duzu zertan beste norabait egin behar. Turismoaren industriaren arrastoan dabiena baldin bada turista, nola esango diogu turismoaren industria jarduera ekonomiko nagusi izateko apustu egin duen hiriko biztanleari?
Zure hirian turista sentitzen bazara, eta berau iradokitzailea baino sentimendu deserosoa bazaizu, datorren astean gaiari bi eta behar beste itzuli emateko aukera duzu. Zinemaldi Alternatiboa 4 (+5) edizioan astelehen eta asteartez, berdin gaiaz pentsatzeko ostiralean eta larunbatean antolatu diren topaketetan. Eta badugu zer pentsatu, egonkor izatetik urrun, aurrez ez bezalako iraungitze makabroa agertzen baitu turista kategoriak: turista izateari utziko diogu donostiar izatearekin batera. Hau da, turismoaren mesedetan soilik egokitutako Donostiak, egunerokoari ezin eutsiz, bere baitatik kanporatzean utziko diogu turista izateari, baldin eta bestelako aukerak asmatzeko gai ez bagara.