Metroa Donostian: behargabekoa eta erokeria!
Azaroak 21ean, larunbatean, Satorralaiak protesta eta umorea uztartuko dituen elkarretaratzera deitu dugu, 12:00etan Easo plazan, egun horretan martxan jarriko duten Donostiako Metroaren igarobidearekiko desadostasuna adierazteko.
Gogora dezagun Donostiako Metroaren egitasmoak polemika sutsua piztu zuela, Eusko Jaurlaritzak 2009an –PSE buru zuela– abiarazi zuenetik. Garai hartan, Gipuzkoako Mugikortasun diputatua zen Arantxa Tapiak proiektua auzitan jartzen zuen, «Donostian hiru metro geltoki egiteak kostatuko lukeenarekin Donostiari eta beste herri batzuei zerbitzua emango liekeen beste sare bat eraiki daitekeela» esanez. 2013an, berriz, proiektua «obra faraonikotzat» jo zuen EAJren gobernuko Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak. Hala ere, EAJ-PSE itunaren baitan egitasmoa berriro bultzatu, eta obrak hasteko agindu zuen Arantxa Tapiak 2017an, metroa «Topoaren saihesbide» gisa berrizendatuz eta herri galdeketa bat egin zedin Satorralaiak 9.000 donostiarren sinaduren babesarekin aurkeztutako eskaera ukatuz.
«Obretan ia hamar urte egin ondoren, proiektuaren balantzea oso negatiboa da. Baliabide publikoen xahuketa itzela izan da»
Geroztik, obretan ia hamar urte egin ondoren, proiektuaren balantzea oso negatiboa da. Baliabide publikoen xahuketa itzela izan da: eraikuntza lanen kostua 340 milioi eurotan zenbatu daiteke gaur egun, 4,2 km-ko ibilbiderako, proiektuaren informazio azterlanean aurreikusitako gastua bikoiztuz (172 milioikoa, BEZa barne). Mirakontxa-Easo zatian %162ko gainkostua izan dela berretsi dute Garcia Chueca sailburuak joan den ekainean emandako azken datuek. Bestalde, garraio publikoarentzat apustu okerra da: izan ere, bidaiariak batez ere autobus zerbitzuen erabiltzaileen multzotik hartuko ditu eta Eusko Jaurlaritzak Dbus nahiz Lurraldebusen murrizketa garrantzitsuak egitea planteatzen du Donostialdeko Metroaren eskari azterketan. Azkenaldian Ekialdebusen egiten hasi diren murrizketak metroaren ondorioz areagotuko diren arazoen aurrekari bat dira. Halaber, Donostian pairatzen dugun espekulazio jasanezina larriagotuz, metroak Erdialdeko eta Kontxako «bihotz turistiko eta komertzialera» bisitari eta kontsumitzaile gehiago erakarriko dituela bistan da. Horren ordainetan, Euskotrenen Easo plazako geltoki nagusia betirako galduko dugu.
Horregatik denagatik, azaroaren 21ean, irriz eta amorruz egingo dugun protestan espero zaitugu!

