Moroto jaunari gutuna
Maroto jauna:
“Eskua gorrotorik gabe emateko gai izatearren”, Martxoaren 3ko biktimei ahaztutzeko eskatu diezula irakurri dut. Nola ausartu zara?
Zure hitzek sentsibilitate eta errukiaren gabezi itzela erakusten dute. Eta baita politiko batean zerbait larriagoa ere: duintasun moralaren gabezia.
Itziar naiz, Mikel Salegi Urbietaren arreba. Guardia Zibilak 1974ko abenduaren 18an erail zuen, Mikel eta lagunek gainditu ez zuten kontrol ikustezin batean. Guardia Zibilek errepidean abandonatuta utzi zuten, bala-zorroak jaso eta gidaria atxilotzen zuten bitartean. Ondoren, lagunek Ospitalera zeramatela, Polizia Nazionalak beste kontrol batean gelditu zuten hamar minutuz, odolustutzen zen bitartean. Ospitaletik Mikelen gorpua bahitu zuten autopsia egin gabe eta senideok ikusi gabe lurperatzeko asmoz. Ez dituzte epaitu. Kereila argentinara joan behar izan dugu justizia espainolak ez gaituelako defendatzen. Hau guztia ahazteko eskatzen al diguzu?
Nori eskatzen diozu ahaztea, Maroto jauna? Zergatik gara 1936ko estatu-golpe frankistatik Estatu Espainolak eragindako biktimak ahaztu behar dugunak?
Edo baita ETAko biktimei ere ahaztea eskatuko al diezu?
Denok guztia ahaztuko dugu? Eskua elkarri eman eta kito? Hau al da bakerako zure proposamena?
Maroto jauna, nire ahizpek eta hirurok ez dugu gorrotorik, ezta mendekua hartzeko gogorik ere. Bihozmina eta tristura sentitzen dugu. Erakunde espainolen aldetik babesgabetasuna eta utzikeria besterik ez dugu sentitzen. Martxoaren 3ko biktimek bezala, justizia eskatzen dugu. Hirurok eskua zabalik daukagu bakea eta bizikidetza eraikitzeko. Horregatik konprometituta gaude egia, justizia eta erreparazioaren bilaketan. Horiek gabe ez baitago bakea lortzerik.
Maroto jauna, berri txar bat emango dizut. Hiru ahizpok ez dugu sekula ahaztuko. Mikel ahotsik gabe gelditu zen bizitza 21 urterekin kendu ziotelako. Azken 42 urte hauetan zehar bere ahotsa izan gara, eta argi eta garbi hitz egingo dugu. Mikelek merezi duen justizia lortu arte jarraituko dugu. Ez ezazu zalantzarik izan!
Martxoaren 3ko biktimei nire erabateko elkartasuna helarazi nahi diet. Aurrera!
Itziar Salegi Urbieta, Mikel Salegiren arreba