Mundiala
Irudipena daukat, azkenean, gurean ere ospatuko dela, baina pozik hartu dut futboleko munduko txapelketa Donostiara ekartzearen edo ez ekartzearen inguruko eztabaida.
Ulertzen dut udal, foru aldundi eta dena delako erakundeek zalantzak izatea, horrelako ekitaldi bat gure lurraldera ekartzeak izan ditzakeen zailtasun, ondorio eta kostu ekonomikoen inguruan. Ulertzen dut, ere bai, horrelako ekitaldi bat antolatzeak nazioarteko proiekzioa eta bertakoentzat negozioa ekar dezakeela, eta erabakiak hartzeko ikuspuntu desberdinak kontuan hartu behar direla.
Baina ezin dut ulertu, une batzuetan iruditu zaidan moduan, Trumpi bakearen saria eman dion erakunde ustel bat, zuri-beltzeko pelikula hartako Mr. Marshallen gisan tratatzea; zerbaiten salbatzaile balitz bezala, Kontxatik Anoetaraino alfonbra gorria zabaltzea. Norbaitek pentsatzen badu FIFAk hiriak eta herritarrak kontuan hartuko dituela muntatu duten meganegozioa aurrera eramateko garaian, ikus dezala pelikula.
«Norbaitek pentsatzen badu FIFAk hiriak eta herritarrak kontuan hartuko dituela muntatu duten meganegozioa aurrera eramateko garaian, ikus dezala pelikula»
Uste dut gainera, ez dela kontu ekonomikoa soilik.
Nik, behintzat, nahiago nuke gure hiria ez balitz futbolaren zirkuaren dekoratu bihurtuko. Benetan, ez dut uste estaldura eman behar diogunik, besteak beste, jarrera eta iritzi matxista, homofobo zein arrazista antolatuen bozgorailu bihurtu den kirol bati. Eta egia esan, ez dit ilusio handirik egiten, elkarrekin toki berean egoteko gai ez diren jende taldeak gure hirian zehar ibiltzeak.
Zer nahi duzue esatea, futbola gustatzen zait, baina beste guztia ez.

