'Musuak'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea
Kitto! Bukatu da denboraldia eta datorren urtean gure Realak Lehen Mailan jarraituko du, bejondeigula! Egia da ikasturtea luze egin zaigula –luzeegia bi mila karaktere eskasetan laburbiltzeko– eta egia da, halaber, gehiegi sufritu dugula –marka da gero! Zaragozaren, Bartzelonaren eta Getaferen kontra, hirutan salbatu da Reala– baina helburua lortu dugunez gero, ezin kexatuko gara! Literaturarako dudan joera ondo ezagutzen duzuenez, ez zarete gehiegi harrituko denboraldiari ipuin baten trazak hartu dizkiodala aitortzen badizuet. Akaso goizegi da zehatz-mehatz jakiteko non sailkatu behar dugun –komedia, tragedia grekoa, fantasiazko literatura, beldurrezkoa…– baina, ez izan dudarik, Realaren denboraldia ipuin bat balitz, maisuki borobildutako ipuin bat litzateke, eredugarria kasik. Eta ez naiz ari soilik salbazioa azken orrialdean lortu dugulako, ezpada denboraldiko istorioa hasi zen bezalaxe bukatu delako, ia-ia puntu berean, eta hori seinale ona izan ohi da. Izan ere, larunbatean Anoeta bete baitzen musuz eta besarkadaz, orain dela hamaika hilabete Celtaren kontrako partidan bezalaxe. Denak pozik, malkoak begietan, besarkadak hurkoari, eta musuak barra-barra. Aldaketaren bat aipatzearren, esan dezadan ezen oraingo honetan musuak eta besarkadak partida amaitu aurretik hasi direla, eta hala gure jokalariak nola Getafekoak gustura ibili zirela laztan eta fereka artean. Haatik, ipuin bat hasierako toki berean amaitzeak ez du esan nahi bidean gauzak aldatu ez direnik, eta orain gure Reala toki berean dago, baina ez da hasierakoa. Orain Lasarte –zorte on, Martin, plazer handia izan da– jada ez da behar genuen entrenatzailea, gure atzelariak, behinola sendoenak eta indartsuenak, egun ez dira guk uste bezain fidagarriak, eta arerioek Griezmann, Zurutuza eta Prieto lurtar bihurtu dituzte, ezin jakin nola. Bai, pertsonaia istorioaren hasieran zegoen bezalaxe dago, bai, baina jada ez da lehengoa. Irakurlea ez da tentela eta jada ohartu da aldaketaz. Reala ere ohartuko ahal da!
