Nola argazki batek desitxuratu dezakeen errealitatea
Igandean ateak ireki zizkieten haurrei etxetik ateratzeko, 45 egun eta gero.
Normala denez, denak tropelean atera ziren kale gosez, baina argazkilari batek egoera hau aprobetxatuz argazki bat atera zuen Kursaalean, zoom indartsu batekin, eta lortutako irudiarekin errealitatea desitxuratu zuen.
Ez, Kursaalean ez zegoen hainbesteko jende pilaketa argazkia ikusita suposatu daitekeen bezala.
Argazkilariaren asmoa ez dugu epaituko, baina Eguzkiren partetik bai aprobetxatu nahi dugula argazki hau pare bat hausnarketa egiteko:
1-Espainiako gobernuaren baldarkeria salatu nahi dugu.
Nori okurritu zaio igande batean , 45 egun eta gero, ateak zabaltzea? Ez al da logikoagoa astelehen, edo aste barruko edozein egunen batean hori egitea, pilaketak saihesteko?
Tabernak irekitzerakoan berdin egingo dute? Okurrituko zaie larunbat batean irekitzea, kristorena muntatzeko?
Gaur, astelehena, arratsaldeko lauetan, leku berdinean argazkia atera dugu Kursaalean, eta ikusten denez “basamortu” itxura du inguru horrek.
2- Bertako -udala- agintarien zekenkeria salatu nahi dugu.
Jakinda haurrak espazio libreen gosez zeudela, nahiko espazioa eman ordez, irekiera eskasa, zekena, eskaini zuten. Preseski, argazkia ateratako auzoa, Gros, espazio publiko gutxien duen auzoetako bat da. Eta Parte Zaharra berdin.
Ba, igandean Kursaaleko atzeko zabalgunea eta pasealekua itxita zeuden, udalak eskainitako alternatiba bakarra, Kursaaleko aurreko etorbidean jendea pilatzea zen. Eta argazkilariak ondo aprobetxatu zuen aukera.
Datorren larunbatari begira egoera oraindik eta okerragoa ez izateko, zera eskatu nahi diogu udalari Eguzkiren partetik: ireki ditzala pasealeku eta parke guztiak, behintzat beste alternatibarik ez duten auzoetan.
Ez dugu ulertzen zergatik Urgull, Zurriolako pasealekua, Pasealeku Berria, eta hondartzak egon behar diren itxita. Kontuan harturik bi auzo horietan, leku publikoen falta nabarmena dela. Bestela, pilaketak berriz izango dira bai ala bai.