'Non dago Karshay Tadese?'
Aritz Sorzabal, kazetaria
Irabaztea baino, kirol ekimenetan parte hartzea garrantzitsuena dela esan ohi dute, baina garaileekin bakarrik akordatzen da jendea. Horixe gertatu zaio Karshay Tadese etiopiarrari Donostiako Maratoian; inor ez da berarekin gogoratu, ezta lasterketan zer gertatu zitzaion galdetzeko ere. Eta hori txapeldun handi baten abizena duela; Zersenay Tadesserena, Atenasko Olinpiar Jokoetan urrezko domina eskuratu eta lau aldiz Maratoi Erdiko Munduko Txapelduna izan denarena. Joan den igandeko proban parte hartu zuten lasterkarien artean beste bat zen afrikarra. Berezko dohainak dituela erakutsi zuen, baina, gainontzeko korrikalariak bezala, punta-puntako atleta ez da. Hain zuzen ere, Donostiako Maratoiak parte hartze xumea izan zuen, inoiz baino herrikoiagoa; horrenbestez, irteeran bildutako hiru mila atleten artean –parte hartze kopurua, kasu honetan, ez zen batere xumea izan–, nabarmentzea errazagoa egin zitzaion Tadeseri, nahiz eta euria eta haizea etsai izan. Ziztu bizian atera zen, eta lasterketaren buru izan zen maratoiaren lehen zatian. 18. kilometroan, ordea, Antiguan zegoenean, gerora garaile izango zen Asier Cuevasek harrapatu zuen. Ordurako, Ibon Esparza uliatarra lehen posturako borrokan murgilduta zegoen bete-betean, baina indarrek huts egin zioten geroago. Donostiarra merituzko bigarren postuan iritsi zen helmugara; asko sufrituta, hori bai. Etiopiarra harrapatzeko grinak indarra eman ziola aitortu zuen proba amaituta; horri esker lortu zuela iristea eta podiumera igotzea. Eta Tadese? Zer gertatu zitzaion afrikarrari? Esparzak berak 38. kilometroan ikusi zuen azken aldiz, maratoia bukatzeko lau kilometroren faltan, baina Tadese ez zen Anoeta Estadioko helmugatik pasa. Inork ez daki ezer berari buruz. Norbaitek haren berri izanez gero, idatz edo hots egin dezala egunkarira; garaipenen gainetik, parte hartzea garrantzitsua bada, are eta garrantzitsuagoa baita onik ateratzea.


