'Occupy' 2012
Jon Markel Ormazabal, musikaria
Mundua amore ematear zela zirudienean bete ziren kaleak, plazak. Eta iraultzen urtea deitu diote iragan berri denari. Gertaeren lehenengo tokia hartu du herri arabiarren udaberria deiturikoak. Baina protestak nonahi izan dira, eta matxinadaren espiritua Europan zehar ere barreiatu da. Hasi protesta egiten ez omen zekiten islandiarrengandik –ez ote dira oraindik orain erdi-garaile bakarrak? –, eta zeharkatu kontinente zahar osoa. Populuen iratzarketek askotariko emaitzak izan ditu, desberdinak herrialde bakoitzean. Baina gauza gehienak aldatzen ari dira. Aldatzen ari gara. Guy Fakwes, V for Vendetta komikiko protagonistaren urtea ere izan dela esan daiteke. Berea da haserrearen aurpegia. Time aldizkariak manifestaria hautatu du urteko pertsonaia gisa, eta bere azalera ekarri. Occupy Wall Street (OWS) eta Occupy London. Occupy mugimenduak martxan jarri dituen esperimentazio kolektiborako prozesuek, identitate pertsonal eta kolektiboak ulertzeko zenbait forma eraldatu ditu. OWS izenak atxikia zekarren aurkariaren espazioaren –Wall Street, alegia– fetitxizazioa sortu ordez, beste edozein gauzari “okupatu” aditza jartzeak irudimenaren leherketa eragin du. Durvan-en, energia zikinaren astean, Occupy the Climate erabili da. Mikrokosmos erresistentzia batetik, harreman sozialak bere osotasunean eraldatzea xede duen ikuspegi luzeko ekologia politiko batera igarotzeko konpromisoa egin dute Durvan-en bildutako ekintzaileek. Ez zaigu arrotza “okupatu” aditza. Uxotegi, Arte Ederrak edo Amarako komunen okupazio saiakeren ondotik helduko dira gehiago. Baina 15-M mugimenduak, Madril eta Bartzelonan bereziki, balio erantsia eman dio okupazioari, ordaindu ezin dutelako etxetik bota duten jendea modu kolektiboan aterpetzean. EAEn bakarrik, zazpi kaleratze egunero 2011n, 2010ean baino %63 gehiago. Eta udaleko oposizioa jabego pribatuarekin itsututa. Apokalipsiaz oso bestela, Maia herriek berpizte edo borroka aro baten hasieratzat dute “seigarren eguzkiaren” jalgitzea. Hau da, 2012.urtea. Kapitalismoaren bihotzetik heldu zaigu Occupy Everything aldarria. “Ez gaituzue mugituko” leloa, “norabide guztietan mugituko gara” pentsamenduan eraldatu duen aldarria. Pentsamendu honek bizi nahi dugun mundura elkarrekin ihes egitean datza. Occupy your Mind diote islandiarrek, iraultza gure baitan hasten da. Gurean ere, hasi besterik ez dugu egin.
