Odile Arrieta: 'Zuria eta beltzaren artean, ZAD'
ZAD hitz batean deskribatu nahian, jolasean aritu ginen udaberriko oporretako brigadan. Askotariko hitzak atera ziren, bertan bizitako unetxoen isla zuzenak: askatasuna, lasaitasuna, hotza, poza, borroka, indarra, aukera, lokatza, ardura, komunitatea… Batak baino besteak hobeto deskribatzen ez duela uste badut ere, badira egun dezente borroka kontzeptua gailentzen zaidala.
Borroka ez da soilik orroka egiten. Ideia horren ispilu izan da, da eta izango da ZAD. Horren oinarrian datza ZADetik ZADentzat filosofia garatu izana, beste bizi eredu baten alde kolektiboki aritzeko indarra landu izana: auzolanaren gogoz eraikitako etxolak, ingurumena errespetatuz altxatutako eraikuntzak, asanbladak, aisialdirako ekintzak, baratzak, ez-merkatuak, harreman sareak, babes sareak, zaintza ereduak… Uste apala bada ere, ZADen eraiki den guztia da sistema hegemonikoaren aurkako borroka. Izan ere, bizitza bizitzea bera da borroka.
Aste honetan, ordea, ZADek orroka dirau. Betileetaraino estalitako makina ibiltariek hartu nahi dute lekukoa. Zuria eta beltzaren artean ortzadarrik sekula ikusiko ez duten horiek inguratu dute Notre-Dam-Des-Landeseko gune askatzailea. Ohartu gabe, guneak askatzaile egiten dituztenak pertsonak, taldeak eta proiektuak direla. Ohartu gabe, badela ordu txikitan, lanbro artean, furgoi blindatuen erdian, ortzadarra eraikiko duenik ere. Ohartu gabe, borrokaren erdigunean bizitza dagoenean, errai huts zarela, orro harro.
“Zarena zarelako zaude maite zaituen jendez inguraturik”, dio Liher taldearen Nire magalean abestiak. Elkartasuna adierazi nahian, erraiek orro harroz diote: «Zarena ZAD delako zaude maite zaituen jendez inguraturik».