O'Donostia
Luix Barinagarrementeria, abokatua
Odon Elorzarentzat marketin kanpaina erraz eta on batek O’Donostia leloa beharko zukeen lehenetsi, bere kartel orotan, nire umilean, berari horrenbeste laket zaion guayismoaren lagin politiko txit gorena izatera iristeko. Egiari zor –beti zorretan Egiarekin, Donostian bezala–, puntx handiko alkatea izan da hasiera hasieratik Odon Elorza Gonzalez. EA eta EAJren arteko aspaldiko arrakala ongi aprobetxatu zuen Odonek, bere eginez hiri honetako aginte makila. Lituaniak SESBekiko independentziarako plebiszitoa onartu zuen urte hartako otsailean; apirilean, Bosnia-Herzegovinak Jugoslaviarengandik banaketa aldarrikatu zuen; Alfontso Irigoien, Federiko Krutwig eta Jose Antonio Arana Martija euskaltzain osoek eta Bizkaiko beste zenbaitek Euskara Batuaren aspaldiko egoeraz gutuna idatzi zioten Euskaltzaindiari, erakundeak batuaren garapenean hartutako bidea kritikatu eta “lehenagoko bide demokratikoagoa” eskatzeko. Urte hartan, 1991n gaude, Magic Johnson Los Angeles Lakerseko saskibaloi jokalaria erretiratu zen, GIB birusa zuela iragarrita. Urtearen amaiera aldean, Queen taldeko Freddie Mercury kantaria hil zen, HIESa zuela jakitera eman berritan; Steffi Grafek Gabriela Sabatini garaitu zuen Wimbledongo emakumezkoen tenis txapelketan; Bildotsen isiltasuna filma estreinatu zen; Delirium Tremens musika talde mutrikuarrak agur esan zuen betiko; Joxe Miguel Barandiaren antropologo ataundarra hil zen; Miguel Angel Benaito Villagarcia Amara Zaharratarra Guardia Zibilak atxilotu egin zuen abuztu hartan; ETAk Vic-eko Guardia Zibilaren aurkako atentatua egin zuen; Miguel Indurainek bere lehen Tourra irabazi zuen eta Ayrton Sennak 1 Formulako Munduko kopa; U2 taldeak Achtung Baby diskoa eman zuen argitara. Boris Yeltsin Errusiako presidente hautatu zuten; “EAEn” Jose Antonio Ardanza zegoen lehendakari eta “Nafarroako Foru Komunitatean” aldaketa izan zen urte horretan, Gabriel Urralburuk utzi eta Juan Cruz Allik hartuz presidentetza. Urte horretan bertan, ekaineko hauteskundeen ostean Odon Elorza Gonzalez hautatu zuten Donostiako alkate. Batzuk betierekoak dirudite, izan ere, aurtengo milaka herritarrentzat outeskundeak izango direnotan, maiatzaren 22koek Odon Elorzari seigarren agintaldia ekar liezaiokete. Zergatik ez da, arren, legez debekatzen?

