Pantailak euskaraz behar ditugu
Ikerketa soziolinguistikoek frogatzen dute aisialdia bizi dugun moduak erabateko eragina duela hizkuntza ohituretan.
Pantailaz inguraturik bizi gara. Azken ikerketen arabera, Hego Euskal Herrian, egunean 11 ordu ematen ditugu pantaila ezberdinen aurrean: mugikorra, telebista, tableta, ordenagailua… ordu horietatik lau telebistari begira, bi streaming plataformak kontsumitzen, bi sare sozialetan, eta hiru Interneten. 12-17 urte arteko nerabeek, ikasketetako orduak kanpo utzita, egunean lau ordu igarotzen dituzte pantailen aurrean. Baina zein hizkuntzetan daude hauek?
Telebista
Telebista digitalak dituen 30 katetatik, Donostialdean hiru ditugu euskaraz: ETB1, ETB3, eta Hamaika Telebista. Eta zenbat ikus-entzule dituzte? 2020. urtean, ETB1en pantaila kuota %1,6koa izan zen. ETB3rena %0,3koa (bere pareko Clan eta Boing-ek baino askoz gutxiago). Ulertzekoak dira datu horiek, azken zazpi urtean euskarara bikoiztutako film edo telesail bakar bat emititu ez denean ETB1en, eta ETB3n duela 15 urteko Doraemonen atalekin jarraitzen dutenean. Ba al da munduan beste herrialderik, berezko hizkuntza bat duena, ofiziala lurraldearen zati batean, telebista publiko propioa duena, eta bere hizkuntzara edukirik itzultzen ez duena? Ez.
Zinema
Euskal Herriko zinemetan estreinatzen diren pelikula guztien %1a eskaintzen da euskaraz. Guztiak haurrentzako filmak, edota bertako ekoizpenak.
Streaming Plataformak
Netflix eta Disney+ dira munduan nagusitzen ari diren streaming plataformak, baita gurean ere. Batak nazioarteko filme, telesail eta dokumental arrakastatsuenak ditu katalogoan; besteak Pixar, Marvel, Disney, eta Starwars-en haur eta gaztetxoentzako edukiak. Netflix-en 5.500 filme eta serie atalen artean, euskaraz bost film ikus daitezke, guztiak euskal ekoizpenak. Disney+en dauden 1.500 edukietatik, zero.
Bideo joko eta sortzaile plataformak
Gazteen artean arrakasta handia duten bideojokoetan eta interneteko sortzaile plataformetan, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da.
Ikerketa soziolinguistikoek frogatzen dute aisialdia bizi dugun moduak erabateko eragina duela hizkuntza ohituretan. Eta aisialdiaren zatirik handiena pantailek xurgaturik pasatzen dugu. Gure hizkuntzaren etorkizunarentzat estrategikoa da egoera iraultzea; baina horretarako legeak, egiturak eta, batez ere, borondate politikoa behar dira.
Euskara pantailetan ez badago, jai dugu.