Pazientzia
Badirudi aurten ez dela hainbeste europar etorriko geurera. Alabaina, Mahomari buruzko esaera zaharrari jarraiki, Europa ez bada Donostiara bertaratzen, Donostia zabalduko Europan zehar. Helburu horri lotu zaio Realaren gizonezkoen taldea, Metropolitanon lortutako puntutxoari esker eta enbaxadore lanetan ohituago dauden beste talde eta kirolari donostiarrekin batera barreiatuko du gure hiriaren izena kontinentean. Zer? Nahiago zenukeela geure hiriak beste arrazoi batzuk direla medio lortzea ospea? Baita neuk ere. Denarekin, onar dezagun hau baino fama arrazoi askoz okerragoak ere izan dituztela geure hiri eta herri honek.
Gaur egun, ordea, politika manualetan ateratzeko motiboa ia 40 urtez (tranpa txikiren bat gora behera) gobernuan izan den alderdia da. Ez dakit zenbat halako kasu ote dagoen. Halere, zientzia fikzio politikoa modan omen –Iban Zaldua bera txiki utzi dute– eta Argia-ko «oasiko kronikak» podkast gomendagarriak saio z-topikoa (u bera baino urrunagoa) izan zuen. Hauteskunde osterako bi bertsio grabatu zituen: lehena EAJ-PSEk irabazita eta bestea EH Bildu-Ps irudizko ardatza garaile.
Azken hori txantxa zen, noski. Kirolean, aldiz, eguneroko ogia da hori. Realaren berri ematen duen kazetari batek zera aitortu du: txuri-urdinek 83. minutuan gola sartutakoan, kronika goitik behera aldatu behar izan zuen. Gol horrexek aldatu zuen denboraldiaren balorazioa. «Ia-ia» eta «ozta-ozta»-ren artean dagoen alde txiki eta erraldoia. Ulertzekoa da emaitza lortzearen arabera pozetik tristurarako jauzia egotea; lan guztia horrexengatik besterik ez epaitzea, ordea, ez da zilegi. Europara sailkatu gabe ere, entrenatzaileek eta jokalariek ez zuten merezi urrunean antzematen zen eraso itzal hori, aurreko goraipamen neurrigabeak ere gehiegitxo ziren moduan.
Ohitu beharko genuke pazientzia edukitzen, luzera begiratzen, berehalako emaitzen zain egon gabe. Kirolean edota edozein gizarte jardueretan. Bueno, euskal politikan izan ezik, EAEn behintzat. Zientzietan k hizkia erabiltzen omen da gauza iraunkor edo konstanteak definitzeko. Gurean, argi dago zeintzuk diren k: ergatiboa eta jeltzaleak.