Pentsiodunen mugimendua eta hauteskundeen emaitzak
Hauteskunde orokor hauetan hainbat mugimendu (esaterako, mugimendu feminista eta pentsiodunena) egiten ari garen aurrerapen soziala lehengoratzen saiatu dira kapital finantzarioa kontrolatzen duten boteredunak, eskuin erreakzionarioena aurrean dutela. Baina, emaitzen arabera, Hego Euskal Herriaz ari garelarik, eta bereziki pentsiodunen mugimenduaz, esan dezakegu ez dutela lortu. Eta hori, bereziki, mobilizazioan daramatzagun 18 hilabeteek balio handiko erresistentzia elementuak sortu dituztelako izan da: besteak beste, gure dirua eta gure eskubideak lapurtzen ari zaizkigulako kontzientzia, eta politikoak gu kontuan hartzera behartu dituen kolektibo sendo eta iraunkorraren sentimendua.
Hauteskunde kanpainan zehar, era guztietako diskurtsoak entzun ahal izan ditugu, batzuk katastrofistak pentsioen sistema publikoari buruz, beste batzuk sistema publikoaren aldekoak eta, bereziki, oso asmo oneko diskurtsoak. Baina harrigarriena da euren meritutzat hartu dituztela pentsiodunek erdietsitako lorpenak, eurak izanik hain zuzen ere, 2010 eta 2012ko lan erreformak onartu zituztenak, baita 2011 eta 2013ko erreformak abian jarri zituztenak ere, pentsioen murrizketak eta lan prekarietatea probokatuz.
Pentsiodunen mugimenduarentzat egintzak dira garrantzitsuena, eta horregatik, ez ditugu pankartak etxean utziko eta kalea abandonatuko. Orain arte lortu duguna gure mobilizazioak bideratu baitu, eta horregatik lotuko gatzaizkio berriro ere borrokari, ziur gaudelako gudu hau guk irabaziko dugula.