Pou anaien barre bidea
Goizeko 07:30ak dira. Ogia kafean bustitzen ari naizela, posta ireki eta albisteak biltzen dituen Erizaintzako Kontseilu Nagusiaren mezu bat jaso dut. Tituluetako batek nire arreta bereganatu du: Fernando Simonek barkamena eskatu omen du erizainen kontra egindako adierazpen sexistengatik.
Irakurtzea erabaki eta ezin espero nezakeenarekin topo egin dut. Iker eta Eneko Pou anaiek egindako zuzeneko elkarrizketa batean, barre artean egindako galdera-erantzun batzuetaz mintzo da. Hala esan zion Eneko Pouk Simoni: «ez zaigu oso argi geratu ea zer gustatzen zitzaizun, eritasun infekziosoak edo erizain infekziosoak». Barreak. Erantzuna Simonek: «Ez nien galdetzen (erizainei) ea infekziosoak ziren edo ez, hori egun batzuk geroago ikusten zen. Barreak».
Fernando Simonen barkamenak irakurri ditut; poztu nau barkamena eskatzeko erak, hanka sartzea eta honek eragindako mina onartu ditu, eta bere burua berrikusteko konpromisoa adierazi ditu. Ondo.
Joan naiz orduan Pou anaiek adierazpenak egin dituzten ikustera, albistean ez baitute halakorik aipatzen. Bereziki interesatzen zait hau, Pou anaiak miretsi izan ditudalako, Euskal Herrian maitatuak diren goi mailako kirolari hauek komunikabideetan maiz jator ikusi ditugulako, eta, behin, Enekoren alboan eskalatu nuelako (superwow momentua niretzat).
Twitterren topatu dut erantzuna. Bideo batean, jarrera batere umilean nire iritziz, hala dio Enekok sasi barkamen hitzak esanez: «Iker eta biok batzen dugun jendea gara; ez gara inoiz polemiketan sartzen, edo saiatzen gara behintzat. Mundu guztiari ‘rollo ona’ ematen diogu, hori da gustatzen zaigun eta ulertzen dugun bizitza. Norbait mindu badugu komentarioren batengatik, barka gaitzazue».
Flipatzen ari naiz. Superflipatzen. Baina, zer ostia? Dezepzioa, eta handia gainera. Hamaika gauza esan nahiko nizkizuke, Eneko, baina uste dut esan dituzunekin nahikoa erakutsi dituzula zure barrenak. Ez duzu barkamen zintzoa eskatu, ez duzu gaizki egin duzunik pentsatzen, ez duzu suntsitzailea den jarrera berrikusteko hauturik egiten, ez duzu ardurarik hartzen. Ez zara gehiago nire miresmenen jasotzaile izango.
Jarraian txio horren erantzunak begiratu ditut, kopurua: 113. Gehienek diote miresten zaituztetela, ez zenutela barkamena eskatu beharrik, jada ezin dela umorerik egin. Zuen bihotz ona aipatzen dute, ez, ordea, zuen mingain lakarra. Izugarria. Txiste baten aitzakipean, zuei, superguaiak zareten horiei, dena barkatzen zaizue. Ez omen zarete polemiketan sartzen, nahiz eta polemika hori zuek eta zuen motxilan dagoen kaka zaharrak eragina izan den. Eta hain jatorrak zaretenez, zuen asmoa ona izateak emakumez josia dagoen ogibide bat kosifikatzea ez da hain larria.
Erantzunen zerrendan aurrerago noa, eta ildo horretan idatzi duen baten izenak arreta ematen dit: Joseba Azkarragak hau dio: ‘Animo, Iker eta Eneko. Barkamen hitz horiek, segur aski beharrezkoak ez direnak, pertsona hobeak egiten zaituztete. Ondo ezagutzen zaituztegunok badakigu oso sentimendu onez eta mundu guztiarekiko errespetuz eginak zaudetela. Muxu handi bat’.
Gehiegitxo, txo. Bai, barkamen hitzak beharrezkoak ziren. Era publikoan halako super-txiste-barregarri-matxiruloak egiteko gai den edonor jendaurrean barkamena eskatzera derrigortua dago, eta zure mailan dagoen politikari batek jakin beharko luke hau dagoeneko. Aipatzen duzun errespetu hori da preseski egindako adierazpenetan falta dena. Jakin dezala Euskal Herriak.
Ez daukat gehiago esateko, ez baldin bada oihukatzeko.