'Prostituzioa, esklablotza eta sexu-lana'
Bilgune Feminista eta Medeak
Prostituzioaren gaineko eztabaida historikoki konplexua izan da, bai eremu sozialean, baita mugimendu feministaren baitan ere. Gaian sakontzeko asmoz, errealitatera gerturatu nahi izan dugu eta horretarako, azken urteotan feministok hainbat espazio sortu ditugu elkartzeko eta eztabaidatzeko. Hori dela-eta, gaur zuekin guztiokin eztabaidetan hausnartutako zenbait gai partekatu nahi ditugu.
Lehenik eta behin, ezinbestekoa iruditzen zaigu trata eta borondatezko prostituzioa ezberdintzea. Trataz ari garenean, edozein eremutan bortxaz behartuta lanean diharduen pertsona oroz ari gara. Era honetan, jakina da, trataren gehiengoa nekazaritzan eta eraikuntza lanen eremuetan zentratzen dela. Aldiz, prostituzioan trataren portzentajea % 10-12 artekoa da. Hala, prostituzioa borondatez dihardutenen kopurua gainontzeko % 88-90 da (NLE, Nazioarteko Lan Erakundea). Beraz, larria izan daiteke trata soilik behartutako prostituzioarekin identifikatzea.
Era berean, sarritan hitz egiten da esplotazio sexualaz. Baina, zer esan nahi dugu horrekin? Zalantzarik gabe egokiagoa iruditzen zaigu esklabotzaz hitz egitea bortxaz behartutako prostituzioaz ari garenean, eta lan esplotazioaz hitz egitea bizitzari aurre egiteko prostituzioan lanean borondatez jarduten diren emakumeei buruz ari garenean.
Bi kontzeptuak eta egoerak ezberdinduta, bortxaz behartutako prostituzioa eta borondatezko prostituzioa, argi ikusten dugu hartu beharreko neurriak ez direla berberak izan behar, are gehiago, ezin direla berdinak izan.
Sexu langileen (hau da, esklabotzapean ez dauden emakumeen) benetako arazoa pairatzen duten estigma soziala da. Genero sistema sexistaren ondorioa den estigma hori da, eta ez sexu lanean jardutea, bazterketa, marjinazioa eta indarkeria sortzen dituena. Estigma horrek emakume onak eta gaiztoak elkarrengandik banatzen ditu, mailaketa hierarkikoan sexu langileak izanik emakume gaiztoen irudi garbiena. Banaketa hori emakume guztiontzat da kaltegarria, izan ere, emakume onak eta gaiztoak banatzea patriarkatuaren estrategia baita, geure oinarrizko eskubideak aldarrikatzerakoan emakumeak elkarrengandik banantzen gaituena.
Era honetan, argi ikusten dugu prostituzioarekiko aurreiritzia geure gizarte patriarkaleko hipokrisiari eta moral bikoitzari esker mantentzen diren tabu sexualari eta emakumeon sexualitate askearen aurkako errepresioari erabat lotuta dagoela.
Estigma horrekin amaitzeko beharrezkoa da sexu langileen ahotsa entzutea, egungo imaginario kolektiboa errealagoa, justuagoa eta humanoagoa izan dadin. Bestalde, beharrezkoa da, baita ere, jazarpen, eraso eta bazterketa legeekin amaitzea. Hala nola, euren eskumenetatik haratago erregulatzen duten hiri edota errepide ordenantzak indargabetzea, horien helburua, sexu langileei laguntzea baino, euren aurka joatea baita; autonomoenak diren, gehien ikusten diren eta euren indar eta eskubideez jabetuen dauden sexu langileei erasotzen zaie.
Amaitzeko, garrantzitsua deritzogu giza eskubideen inguruan hitz egitea, izan ere, prostituzioan jarduten diren pertsonek egunez egun euren oinarrizko eskubideak urratuak dituztela egiten baitute aurrera. Horregatik guztiagatik, ezinbestekotzat jotzen dugu, alde batetik, trata abolitzea eta emakumeen erabakitzeko eskubidea errespetatzea, eta bestetik, interlokuziorako espazioak sortzea, sexu lanaz lanbide gisa hitz egitea eta, hala, lan eskubideen esparruan esku hartzea, eta behin betikoz sexu langileek jasaten duten jazarpenarekin amaitzea, euren bizi baldintzak hobetzeko; azken finean, emakume guztionak.
