'Itxaropenak eta ametsak'
Ramon Labaien, idazlea
Herri Urrats Senperen, joan den igandean. Bihotzak berotzen dituzten horietako ekintza bat. Euskalerriaren bazter guztietatik etorritako jendetzak osatutakoa. Herri honen batasunaren sinboloa. Malda gora eta malda behera, denetatik zebilen han. Urteak makurtutakoak mutur batean, haurtxoak bestean, eta erdian, gure gizartearen bizkarrezurra direnen bikote sendoak, guraso gazteak, neska-mutilak, pilaka. Giroa gozoa, anaien artekoa izaten den bezala, denok Iparraldeko euskalduntasunaren sendotzeko laguntzen. Maitasuna eta indarra. Ez zen nabaritzen han, Jaunari eskerrak, hauteskunde usainik, denok hauteskunde garaian baldin bagabiltza ere. Ipar aldekoak, Frantziako Errepublikaren presidente berri baten menpean. Aldaketa horrek aldaketak ekarriko ote dizkien zain. Itxaropenak diren edo ametsak, auskalo. Ikusiz Euskalerriari dagokienetan, Sarkozyren ezetza eta Hollanderen baietzaren artean, desberdintasunak hain mikroskopikoak direla, auskalo. La Republique, betidanik berbera. Ultra zentralista, errespeturik gabekoa, Pariseko modakoak ez diren gizarte, kultura eta hizkuntzekin. Hemen, Hegoaldean, hobetoxego gabiltza, edo behintzat, ez hain gaizki. Eta hauteskunde giroan hemen ere. Baskongadetan batzuentzat, abertzaleenak diren Euskalerriko hiru lurraldeetan besteentzat. Hasi gara, beti bezala, betiko zitalkeriekin, elkar zirikatzen. Jokoan, lehendakari berria. Espero dezagun abertzalea izango dugula, indartsua, ausarta. Aspalditik galduak ditugun Herri honen eskubide nagusiak berreskuratzeko gauza izanen dena. Zutik eta tinko jarriko gaituena, gure indarrak alperrik galdu gabe, azken urteetan maiz egin dugun bezala. Kontuan hartuz, eta hori abertzale guztiok argi dugu, orain dela gutxi hain argi ez zutenak ere, gure armak ez direla odola isurtzen duten motakoak. Izpirituarenak baizik, kulturarenak, hizkuntzarenak, gure berezitasunaren babesleak. Eta horrelako zerbait esateagatik, sei urteko zigorra Arnaldori. Eta berarekin, eusko abertzaletasunari. Denok sentitzen gara zigortuak. Entzun ditugu une larri batean esan dituenak eta ondo esanak. Ez dakit, ordea, asmatu duen Telesfororen eta Pasionariaren semea sentitzen dela bota digunean. Bikote hori ez zen elkarrekin konpontzeko egina. Pasionaria, deusik ez zutenen oihua, komunista, Espainiako Errepublikako espainola. Telesforo, bestetik, jauntxoa eta nolakoa, eusko abertzalea, poeta, kristaua. Karismatikoak biak zentzu benetan desberdinetan. Hau dena, bakoitzak merezi duen errespetuarekin esana, noski. Bide bakarra, noizbait, Euskalerriak behar duen kohesioa lortuko baldin bada.