Sabino eta elefantea
Ipuin zaharraren arabera, behin batean, erregeak hanbait jakintsu itsuri deitu, elefante baten aurrean paratu eta eskatu zien animalia hura zer zen asmatzen saiatzeko. Lehenengo jakintsuak letagina ukitu, eta zera esan zuen: «Azenario handi baten modukoa da». Bigarrenak belarria laztandu, eta honako hau iritzi zion: «Abaniko handi bat bezalakoa da». Hirugarrena gorputza besarkatzen saiatu, eta «arroka bat» zela ondorioztatu zuen. Eta horrela guztiak. Inork ez zuen asmatu elefantea zenik, atal bakoitzaren deskribapenak ez baitzuen osotasunaren berri ematen.
«Sabino ezinbesteetako bat izan da, nahiz eta, bera ezagututa, bere buruari garrantzia kendu nahian-edo, seguru esango zuela, ‘denok gara beharrezkoak, baina inor ez ezinbestekoa’»
Alabaina, errege hark elefante baten ordez Sabino Ormazabal jarri izan balu, jakintsu guztiek eta bakoitzak bete-betean asmatuko zuten: «Hara, hau Sabino da, ezta?; bai, bai, Sabino». Sabino pieza bakarreko gizona zelako, eta bere atal guztiek (Sabino ekologista, Sabino zubigilea, Sabino ez biolentzia aktiboaren sustatzailea, Sabino laguna…) ezaugarri berberak zituzten. Ezaugarri horiek hainbat testu eta adierazpenetan nabarmendu dira egunotan, baina, seguruena, haren seme Markel izan da, ostiralean Gladys Enean egin zen ekitaldian, ongien laburbildu/zerrendatu dituena: enpatia, errespetua, pertseberantzia, irudimena, umorea eta, oroz gain, koherentzia. Eta horrekin guztiarekin batera –gehitzen dugu guk–, pertsona ona izan, Sabino ikaragarri pertsona ona zelako; hainbeste, ezen, tarteka, San Sabino esaten genion. Txantxetan, bai, baina batzuetan amorru puntu batekin ere bai: «Sabino, ezin da hain ona izan, demontre!». Munduan nagusitzen ari diren mozorrorik gabeko jarrera bihozgabeen ifrentzua baitzen Sabino.
Sabino ezinbesteetako bat izan da, nahiz eta, bera ezagututa, bere buruari garrantzia kendu nahian-edo, seguru esango zuela, «denok gara beharrezkoak, baina inor ez ezinbestekoa», edo horrelako zerbait. Nola nabarituko dugun haren falta! Dagoeneko nabaritzen ari gara eta!

